SAN FERMINETAKO ISTILUENGATIK ENEKORI EGINDAKO EPAIKETA SENTENTZIAREN ZAIN

Aitzineko astean baztandar batek eta bi antsoaindarrek 2011ko San Ferminetako isitiluengatik izan duten epaiketaren inguruan batzarre informatiboa egin zen atzo Elizondon. Batzarre horretan erran zenaren arabera Eneko Etxandi arraioztarra da epaitutako baztandarra. Aipatu urteko San Ferminetan uztailaren 7ko agintarien prozesioan Iruñazarra ostatuaren aitzinaldean istiluak izan ziren. Kalapita horretan bi udaltzain kolpatu zituzten, horietako bat paisanoz jantzitakoa. Fiskalak eta akusazio partikularrak bi udaltzain horiek kolpatzea egozten diote Enekori eta horregatik agintearen kontrako bi erasorengatik eta lesio delitu batengatik 8 eta 7 urte eta erdiko kartzela zigorra hurrenez hurren eskatzen dute. Modu berean udaltzainetako bat kolpeen ondorioz  urte batez bajan egon zen eta orain, iduriz, ezintasun partzialarekin dago; horregatik fiskalak 60.000 euroko kalteordaina eskatu zuen eta akusazio partikularrak 80.000 eurokoa. Defentsak, bere aldetik, egun horretan Eneko ez zegoela han behin eta berriz aipatu zuen. Gertakariak izan eta hilabete guttira Eneko gertatutakoarengatik deklarazioa hartzeko atxilotu zutelarik ere, bertan egon zenik ukatu zuen. Horrela gauzak defentsak absoluzioa eskatu zuen eta, nolanahi ere, egozten zaizkion delituen kalifikazioarekin bat ez datorrela adierazi. Sententzia bi-hiru hilabeteren buruan aterako da.