BAZTANGO ETXEBIZITZA SOZIALEN INGURUKO ORDENANTZAK EGITEKO IKUSPEGI SOZIAL FALTA SALATU DU EHBILDUK

Prentsa ohar baten bidez Baztanen dauden etxebizitza sozialen ordenantza egiterakoan UPN eta Baztango ezkerrarekin izan dituzten zailtasunen berri eman du Baztango EHBilduk. Halaxe dio oharrak:

Baztango Udala etxebizitza batzuen jabetzaren titularra da. Etxebizitza hauek Baztango hainbat herritan daude: Almandoz, Elbete, Oronoz, eta Gartzain.
Zenbait arrazoiren ondorioz ohiko etxebizitza utzi behar izan duten edo etxebizitza bat eskuratzeko zailtasun handiak dituzten 40 familia daude Baztanen. Egoera honen berri tokiko ordezkari politiko guztiei eta etxebizitza publikoak zituzten herriko alkateei eman zitzaien.
Etxebizitza duin eta egoki bat izateko beharra duten familiak aunitz dira Baztanen gaur egun, nahiz eta eskura dauden etxebizitzen kopurua aunitzez txikiagoa izan. Hori horrela, Baztango Udalak etxebizitza sozialen eskatzaileen erregistroa sortu zuen, etxebizitza sozialak behar dituzten herritarren benetako eskaera eta beren egoera sozioekonomikoak ezagutzeko. Bertzalde, etxebizitza sozialtzat jo ahal izateko berrikusi behar zen gaur egun etxe horiek okupatzen dituzten familien egoera soziala eta ekonomikoa.
Hau dena bideratzeko ordenantza bat egitearen beharra ikusi zen. Bilduk ordenantzaren zirriborroa prestatu, eta bertze ordezkari politikoei eta herri guztietako alkateei bidali zien ekarpenak egin ahal izateko. Ekarpenak jaso ondotik, proposamen bat osatu eta 2014ko ekainaren 26ko osoko bilkuran ordenantza proposamen hori aurkeztu zen.


Ordenantza honekin, gaur egun etxebizitza hauetan bizi diren adinez nagusiko jendeak hor bizitzen jarraitzeko aukera izanen luke betiere beharrezko baldintza sozioekonomikoak betez gero. Gainera baldintza horiek bete gabe ere, 75 urte baino gehiago dutenek bertan jarrraitzeko aukera izanen lukete diru kopuru bat ordainduta. Modu horretan, etxebizitza horien erabilera soziala bermatuko litzateke. Proposamen honi ezezkoa eman zioten bai UPNk, eta baita Baztango Ezkerrak ere.
2014ko abuztuaren 28ko Osoko Bilkuran Baztango Ezkerrak bertze ordenantza proposamen bat aurkeztu zuen UPNren ekarpenak gehituz, eta bien botoekin onartu zen. EH Bildu osatzen dugun taldeetako ordezkariok honen aurka agertu ginen honako arrazoi hauengatik:
1. Ordenantza honek dio: “Eraikinaren erabileraren erabakia, eraikina kokatua dagoen herriaren batzarreak erabakiko du, eta erabakia loteslea izanen da”. EH Bildu ados dago batzarreak eraikinari eman behar zaion erabilerari buruz erabakitzearekin, baina etxebizitza erabilera izan behar badu, etxebizitza soziala izan behar luke ezinbertzean, eta ordenantzak ez du hori bermatzen.
2. Ordenantza honek dio: “Gaur egun etxe horien titularrak diren, bertan azken 10 urtetan bizi izan diren, eta Baztanen bertze etxerik ez duten 65 urtetik goitiko pertsonak, hil arte ordenantza honen aplikaziotik salbuetsita egonen dira”. EH Bildu ez dago ados honekin: bidezkoa al da Baztanen etxerik ez, baina kanpoan daukanak edota beste ondasunak dituenak etxebizitza sozial bat hartzea, inolako etxerik ez daukan pertsona behartsuari aukera kenduz?
3. Ordenantza honek dio: “Gaur egun etxebizitza sozialak erabiltzen ari diren pertsonen kasuan, jarraipena izan dezakete non eta bere garaian ematerako orduan erabili ziren kondizio ekonomiko edo sozialak gaur betetzen badituzte”. EH Bildu ez dago ados honekin jakin badakigulako honekin adineko eta elbarrituak diren zenbait pertsona kalean geldituko liratekeela.
Ez UPN ezta Baztango Ezkerra ere ez dira Udal Zerbitzu Sozialetako langileekin egon. Beraz, ez dute beren proposamenak izan ditzakeen ondorioak behar bezala kontrastatu.

Ezkerreko ikuspuntu batetik ez da onargarria pertsonen ondasuna aintzat ez hartzea etxebizitza sozialen eskaera aztertzeko momentuan. Ordenantza honek, gainera, koherentzia falta larria erakusten du Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioak Iruñean etxebizitza eskubidearen eta justizia sozialaren inguruan egiten duen diskurtsoarekin.
Honengatik guztiarengatik, Baztango EH Bildutik hasierako onarpena izan duen ordenantza honi alegazioak eginen dizkiogu, Baztanen etxebizitza sozialak benetan behar soziala duten pertsonen esku geratuko direla bermatzeko.