GAUR PARTE HARTZEAZ ETA BAZTANGO ERAKUNDETZEAZ ARITZEKO EH BILDUREN BILERA


Baztango EH Bildu azkeneko legealdia baloratzeko eta haustekunde programa herritarren partaidetzarekin zirriborratzen hasteko bilera irekiak egiten ari da. Gaur parte hartzeari eta instituzionalizazioari buruzko gogoeta-saioa eginen du.

Legealdi honetan Baztango EH Bilduk herritarren parte hartzea indartzeko hamaika ekimen egin ditu eta horren erakusle dira udaleko batzorde irekiak, Elizondoko saihesbideari buruz Elizondoko herriarekin elkarlanean egindako batzarre jendetsuak eta herri-galdeketa, Baztango kuarteletan zahar etxeari buruz, uraren ordenantzari buruz eta berdintasun planari buruz egindako bilerak; Casinoaz aritzeko batzarra; Baztango Udal Plana idazteko parte hartze plana, urtero bazkaleku komunalak erabiltzen dituzten nekazariekin egiten diren bilerak, Almandozko harrobiaren afera bideratzeko egindako batzarrak, hiltegiaren foroa, uholdeei buruz informazioa emateko batzarra e.a. Ikusten ahal den bezala, udalak bere lan egiteko formak guztiz aldatu eta ateak ireki ditu. Orain egindakoari buruz balorazioa egiteko eta proposamenak jasotzeko tenorea da.


Aitzinekoarekin lotuta Baztango erakundetze berezia dago, zeinean udala, Batzar Nagusia eta herrietako batzarrak baitauden. Helburua baztandarrek beren buruak gobernatzea bada, etengabeko demokrazia ariketa egitea, horretarako Baztango erakundetzeak aukerak eskaintzen ditu, horiek nola baliatu da afera. Azkeneko legealdian Batzar Nagusia eta herrietako alkateen lana balioztatzeko lan handia egin da, baina oraino hiru erakundeen arteko arduren banaketan eta koordinazioan zer egin bada. Gainera aurrekontuen gaia hor dago. Baztango erakundetze konplexua kontuan hartuta zer egin herritarrek urteroko aurrekontuen lanketa eta erabakitze prozesuan parte hartzeko?

Horri guztiari buruz gogoeta egiteko Baztango EH Bilduk gaur atsaldeko 19:30tatik 21:30tarat Elizondoko Arizkunenean bilera irekia eginen du. Bilera horretarat Baztan sozialki justu, herritar eta demokratiko batekin konprometituak dauden jende guztiak gonbidaturik daude.

Baztan hobetze (h)ari gara!