Hassana Aalia, Euskal Herrian bizi den Saharar iheslariari 
Espainiak  asilo politikoa ukatu diola salatzeko, 40 bat pertsonak 
Elizondoko plazan elkarretaratzea burutu zuten.
Hassana
 Marokok militarki okupaturiko Mendebaldeko Saharako Aaiún hiriburuan 
sortu zen 1988an. Gaztetatik bere herriak sufritzen zuen zapalkuntza eta
 errepresioaz jabeturik, giza eskubideen defentsan militatzeari ekin 
zion. Horren ondorioz, hainbat aldiz atxilotua eta torturatua izan zen 
Marokoako poliziaren eskutik. Azken aldiz, 2011n Saharar jendarteak 
jasaten zuen egoera penagarria salatzeko protesta bezala eraiki zuten 
Gdeim Izik kanpamentuaren bortizki ustearen harira atxilotu zuten, 
berriz tortura latzak salatu zituelarik.
2012an Euskal Herrira
 etorri zen ikasketa beka bat zela medio eta bertan zegoela bera 
atxilotzeko agindua emana zegoela jakin zuen. Orduan Espainiar estatuan 
asilo politikoa eskatu zuen.
2013an Gdeim Izik kanpamentuan 
atxilotutako ekintzaileen kontrako epaiketa egin zen Rabateko epaitegi 
militarrean eta Hassana nahiz eta ez zen epaiketa hartan izan, 
biziarteko kartzelara zigortua izan zen bertze hainbat Sahararrekin 
batera.
3 urtez asilo politikoa emango ote zioten zain egon 
ondotik ezezkoa jaso du eta Espainiar herrialdea bi asteren buruan 
uzteko agindua eman diote.
Ekintzaile saharar honen 
kasua salatzeko eta orohar saharar herriak bizi duen muturreko egoera 
salatzeko Euskal Herrian egiten ari diren mobilizazioen harira deitu 
zuen elkarretaratzea Baztango Askapenak.
Bide batez, 
Saharaztan elkarteak Otsailaren 27rako (Saharar Errepublika 
Demokratikoaren aldarrikapenaren urteurrena) antolatua duen elkartasun 
egunean parte hartzeko deia ere egin zuen. Arratsaldeko 7etan donezteben
 egitekoa den elkarretaratzean eta ondotik Zubietan eginen den hitzaldi 
eta afarian parte hartzekoa, alegia.
