"Baztango herriek ere dispertsioari ez!" kanpainak aitzina segitzen du. Martxoko hitzordua Anizen izan da eta, Ibon Iparragirre presoaren osasun egoera kezkagarria hizpide harturik, "Espetxearen ondorioak" izeneko solasaldia egon da.
Hasiera batean "Iparra galdu barik" plataformako kide bat eta "Jaiki hadi" taldeko Oihana Barrios psikologoa eta Mikel Urra medikua ziren hizlariak baina Oihana Barriosek ez du etortzekorik izan asteazken goizen atxilotu zutelako presoen mugimenduaren kontrako hondar sarekadan.
Sarekadaren honen salaketarekin hasi da solasaldia hain zuzen ere, atxilotuen inguruan zegoen informazio eskasa emanez. Tarte honetan Fernando Arburua zugarramurdiarraren egoera aipatu da eta Etxeratek larunbaterako Donostian deitu duen manifestaziorako deialdia egin da. Nabarmendu denez, aste honetako sarekada bezalakoek presoen aldeko dinamikak eta elkartasuna etetea dute helburu, hortaz, inoiz baino indar eta ilusio gehiagorekin erantzun behar da, Anizko solasaldia bezalakoak aitzina eramanez adibidez eta presoen aldeko lana indartuz.
Ondoren, "Iparra galdu barik" plataformako kide batek Ibon Iparragirreren egoera larria azaldu du. Ibonek hiesa dauka eta bere osasun egoera arras larria da. Gainera, dispertsaturik daukate arras bizi baldintza kaskarretan, kartzelarien eta bertze presoen erasoak eta lapurretak egunero pairatzen dituela.
Mikel Urra medikuak "Jaiki hadi" taldearen funtzionamendua azaldu du lehenik eta espetxeak presoengan eragiten dituen gaitzez solastatu da ondoren. Ohiko arazo eta eritasunak azaltzeaz gain, larri dauden euskal presoen egoera mahaigaineratu du.
Hogeita bortz bat lagun hurbildu dira hitzordura eta parte hartze aktiboa izan dute iruzkinak eta galderak eginez.
Ekitaldia aniztarrek prestatutako meruduak lagundurik igaro da eta dispertsioaren liburuxka eskuratzeko aukera egon da.
Hurrengo hitzordua apirilean izanen da, kasu honetan, Arizkungo herrian.
Denon artean lortuko dugu, BAZTANGO HERRIEK ERE DISPERTSIOARI EZ!