ARRAIOZEN DISPERTSIOAREN BERRI IZAN ZUTEN PRESO OHIEN ESKUTIK

"Baztango herriek ere dispertsioari ez!" izeneko kanpainak aitzina segitzen du, hilabetez hilabete eta herriz herri "dispertsioaren kontrako hitzorduak" antolatzen. Erratzu eta gero Arraiozko txanda izan da.
Hitzordua martxoaren 1ean zen, arratsaldeko 6etan Arraiozko batzar gelan.
Hogei bat lagun inguru hurbildu ziren eta, puntual hasita, Etxarri-Aranatzeko Sarek egindako "Urruti vs gertu" izeneko dokumentala eman zen, non Etxarriko preso politikoen senideek beren bizipenak kontatzen dituzten.
Ondoren, kafe baten inguruan, Iñaki Erro eta Xotero Etxandi preso ohien solasaldia izan zen. Dispertsioak nola eragiten dion presoari kontatu zuten, alde politikotik eta alde humanotik, preso bera persona bezala eta preso politikoen kolektiboa apurtzeko xedea duen tresna politikoa dela. Dispertsioaren fase eta garai ezberdinak agertu zituzten, hamaika anekdota eta bizipen kontatuz. Publikoak ere parte harte zuen galderak eta hausnaketak eginez.
Solasaldiaren bukaeran Sarekide egiteko eta Dispertsioaren liburuxka eskuratzeko aukera egon zen.

Hurrengo hitzordua martxoaren bukaeran izanen da Anizen.