HAUR ETA GAZTE KANTARIEN JAIALDI ARRAKASTATSUA IZAN ZEN ATZO

Atzo arratsaldean, 500tik goiti kantari, musikari eta kantuzale bildu ziren Elizondoko Lur aretoan izan zen Nafarroako Haur eta Gaztetxo Kantarien Jaialdian. Pasa den martxoaren 14an estreinatu zen aurtengo edizioa Lakuntzan, eta gaurkoa bigarren jaialdia izan da.  Euskal Kantuzaleen Elkartearen izenean Amaia Dominguezek, Tafallako Ikastolako musika irakasleak, eta Nafarroa Oinezko antolakuntzak elkarlanean aitzinerat eramandako ekimena izan da. Izan ere, Nafarroa Oinez ospatzen den herrian, jaialdi bat egin ohi da urtero. Emanaldi bizia eta anitza izan zen atzokoa. Baztan, Malerreka, Bertizarana, Goizueta eta Eugiko haur eta gaztetxo kantarien hamahiru taldek, bi bikotek eta bakarlari bakarrak hamazazpi kanta taularatu zituzten.

Taldeei dagokienez, hauek izan ziren: Baztan Ikastolako “Marrazoak”; Baztango Musika Eskolatik kantari gaztetxoen lau talde; Doneztebeko San Migel  ikastetxeko gaztetxoen taldea; Sunbillako Eskolako haur eta gaztetxoen talde bana, eta Mendaur Trikitixa-Pandero Eskolatik “Udaberriko loreak” “Mugituak”, ”Baztango bihurrik”, “Ausartak” eta “Baztango bitxiak” taldeak aurkeztu ziren. Bikoteen sailean, Goizuetako Janire Urdanpilleta eta Naroa Zugarramurdik osatutakoa batetik, eta bertzetik,  Saioa eta Oihane Ventura  ahizpa eugiarrak izan ziren.
Enara Arregi Otegi azpilkuetarrak, berriz,  bakarlari gisa parte hartu zuen.
Kantutegian erreparatuz, aspaldiko kantak, sormenezkoak, gaur-gaurkoak… Bertsioak nola euskarara egokituak… 

Artelan politak eta entzumenarendako gozagarri direnak eskaini zituzten emanaldian. Eta nola ez, interpretazio lanak, koreografiak ere ikusi ahal izan ziren. Klasikoen sailean, “ Aberriaren mugak” kantua hiru talderen eskutik entzun ahal izan zen; Itoizen “Lau teilatu” kantak ere ez du hutsik egin; Zaldiboboren “Kolore kolore” edo “Haurrak ikas zazue” eta “Ameriketara joan nintzen” kantak ere entzun ahal izan ziren. Gaur-gaurko musikari eta taldeen kantak eta bertsioak ere gozatu ahal izan zituzten; Vendettaren “Begietara begira”; Sugan taldearen “Zarena zarelako”; Ken Zazpiren “ Haizea”;  Zea Maysen “Negua”; Demode Quarten “Ilargia”; Esne Zopaken “Iturbideren panderoa”; Tximeleta taldearen “ Etxerat” edota El Tol Sarmientoren “ Aurkitu genituen” euskarazko bertsioa.
Sormenezko kantuetan, Baztan Ikastolako 6. mailako neska-mutikoek Iñigo Belzunegi “Iturriak” sortutako melodia eta Jon Barberena bertsolariaren hitzak dituen “Motorrak berotzen” izeneko kantarekin parte hartu zuten. Bereziki atzoko saiorako Iturriak Dj Nashekin batera egindako moldaketa izan zen. Bertzetik, Eugiko Saioa eta Oihane Ventura ahizpek beraiek sortutako “Horregatik” kanta taularatu zuten pianoarekin, eta beren aita bateria-jole izan zuten.

Jaialdia borobiltzeko, kantaldiaren akabailan, Mendaur Trikitrixa-Pandero Eskolako Neskatxak taldeak eta Trikidantzeko Arkaitz eta Jorgito musikariek elkarrekin Kepa Junkera eta Sorginaken kanta eskaini zuten. Ondotik,  parte hartzaile guztiendako merezitako txokolate-jatea izan zen.

Hurrengo saioak  martxoaren 28an, Orkoienen (Gizarte Etxean, 18:30ean),  eta martxoaren 29an, Berriozarren (Kultur Etxean, 19:00etan), izanen dira.