BAZTANGO BILDUK DIARIO DE NOTICIASEN AGERTUTAKO BERRIARI ERANTZUN DIO, GAUZAK ARGITUZ

Amaiurko Dorreko Bordari buruz joan den astean agertutako berria argitu du Baztango Bilduk prentsa ohar batean. Halaxe dio hitzez hitz:

Amaiurren erretako baserria berritzeko baimenen inguruan eta apirilaren 25ean Diario de Noticiasek argitaratutako berriaren inguruan Baztango Bilduk honakoa erran nahi du:

- Baserria erre ondoan Udal gobernuko ordezkariak familiarekin bildu ziren eta laguntza eskaini zitzaien bai etxea konpondu bitartean etxebizitza bat alokatzeko baita etxearen teilatuarendako egurra emateko ere. Aseguruaren bitartez egiteko aukera zutenez ez zuten beharrezkoa ikusi.

-2014ko urriaren 28an etxea berritzeko proiektua udaletxean sartu zen. Proiektua arauei jarraiki Udaletik 2014ko azaroaren 3an Nafarroako Gobernurat bideratu zen. Geroztik, 2014ko azaroaren 21ean Nafarroako Gobernutik promotoreari errekerimendu bat egin zitzaion eta errekerimendu horri promotoreak urtarrilaren 23an erantzun zion. Urtarrilaren 26an Nafarroako Gobernura erantzuna bideratu zen. 2015eko otsailaren 18an bertze errekerimendu bat ailegatu zen Nafarroako Gobernutik eta promotoreak 2015eko martxoaren 30ean erantzun zion errekerimendu honi. Udalak 2015eko apirilaren 9an bidali zuen Nafarroako Gobernura eta geroztik honen erantzunaren zain gaude Nafarroako Gobernuaren oniritziarik gabe ez baita lizentzia ematen ahal. 


-Nolanahi ere, lanak aitzinatzeko udalak aldamioak paratzeko eta paretak botatzeko baimen berezia eman du. Otsailak 3an eskatu zen baimena eta otsailaren 12an onartu zen ematea.Udalak baimen hau bai eman dezake, bertzea berriz, Nafarroako Gobernuak baiezkoa eman artio ez du ematen ahal.

-  Udalak, beraz, etxea berritzeko espedienteari lehentasun osoa eman dio baina bere eskuan ez dauden arrazoiengatik egoera hau da.

-Aipatutako lehorrari dagokionez baso-lurzoru komunalean baimenik gabe egin zen. Erretako etxearen ondoan egindako lehorra zen eta zehapen espedientea abiaturik zegoen baserria erre aitzinetik. Araudiak dio arau-hauste larriagatik lehorra bota eta ingurua lehengoratu behar zela, ez zelako legeztagarria. Hori horrela, jabeek izandako ezbehar batengatik lehorra botatzea gibeleratzeko eskatu eta bi aldiz luzatu da, guztira urte beteko luzapena emanez. Berriz ere luzamendua eskatzeko aukera bazuten ere, epez kanpo eskatu eta, horrek, aukera hori gabe utzi zituen. Udaleko idazkariaren txostenak baldintza horietan luzapena ematea ezinezkoa egiten du. Dena den, etxea konpondu bitartean Udalak gauzak uzteko bertze toki bat eskaini zion familiari.