JOSEBA OTONDO: "BATZUK EGONEAN EGON NAHIKO DUTE, KANPOTIK DENA KONPONDUKO DIGUTENAREN ZAIN. GUK IBILI BEHAR DELA DIOGU".

Begien bistan diren ondoko udal hauteskundeetarako Baztango EH Bilduren alkategaia Joseba Otondo elizondarra da. Herriarekin konpromisoa eta esperientzia duen taldearekin ezkerreko koalizio soberanista alkatetzari eusteko borondate sendoarekin aurkezten da. Helburua, Baztangi buruz duten proiektuarekin aitzinerat egitea da. Arranbela Joseba Otondorekin solastatu da.


Baztan gaur egun nola ikusten duzu?
Baztan, argi eta garbi bidegurutze batean dago. Denok ohartzen gara krak egin duen eredu bat dagoela, agortu dena. Horren aitzinean batzuk horretan tematu nahi dute. Guk berriz, begirada 15 urterat pausatu nahi dugu eta komunitate bezala, norat jo nahi dugun galdera egin, bidea zehaztu eta ibiltzen hasi. Eztabaida horren erdian pertsonen ongizateak egon behar du eta hori justizia sozial eta iraunkortasun klabeetan ulertzen dugu. Bide horretan abiatu gaitezke edo oraingo krisirat ekarri gaituen ereduan segitu. Erran bezala, bidegurutze batean gaude eta horren aitzinean denek argi solastatu behar dute.

Eta bide horretan ze pausu eman beharko ziren?
Guk ibilaldi hori egiteko bi hanka ditugu, bi ardatz estratejiko: sozioekonomikoa eta soziokulturala eta biak behar ditugu, bakarrarekin ezin ibili gaitezke. Hanka sozioekonomikoari buruz bailarako eragile desberdinekin sustapen sozioekonomikorako egitura sortu beharra dago, jarduera desberdinen arteko harremanak bulkatu, gauza ttikiak baina egingarriak eginez. Bertako jendeetan oinarrituz. Hanka soziokulturari buruz, balioen aldaketan sakondu behar dugu, komunitate osoa biharko baztandarren hezkuntzan inplikatu beharra dago, elkartasunean, konpromisoan, parte hartzean… oinarrituriko balioak garatzeko. Horri buruz Baztan Herri Hezitzailearekin gaurgero lanean ari gara.
Batzuk egonean egon nahiago dute, kanpotik dena konponduko digutenaren zain. Guk ibili behar dela diogu. Eta horregatik diogu Baztango baliabiderik preziatuena baztandarrak garela.

Bertzalde, eguneroko arazoak daude…
Bai, eta horiek garrantzi handia dute. Hirigintzako tramiteekin eta arau-hausteekin arazoak daude. Horretarako udal lan-taldean arkitektua eta aparejadorea kontratatzea proposatzen dugu, tramiteak arintzeko eta arau-hausteak eta zigorrak saihesteko aitzinetik lana egin ahal izateko. Bertzalde hiltegiari buruz gestio-eredu berria zehaztu behar dela uste dugu, ondotik enpresa proiektu bat egin ahal izateko. Uholdeen arrisku plana herritarren parte hartzearekin egin eta aplikatu beharra dago… Hor daude Erdiz eta Aroztegiako gaiak ere.
Eguneroko eta epe luzeko kontuei buruz garbi izan behar dugu zer den udalaren eskuetan dagoena eta zer ez. Udalak ez du arazo guztiak konpontzeko ahalmenik, herritarrekin elkarlanean aritu beharra dago.

Akitzeko…
Bereziki azpimarkatuko nuke EH Bildu Baztanen esperientziadun taldea dela eta bere tokia alkatetza dela. Lau urte hauetan gure ahalmena erakutsi dugu eta gainera garbi dago epe luzeko Baztani buruz proiektu bat duen eskaintza bakarra garela. Argi eta garbi, Alkatetzan segitu nahi dugu, Baztanerako proposamen hoberena dugula uste dugulako. Gainera, denek kontuan hartu behar dute, bi aukera bertzerik ez daudela: UPN edo EH Bildu. EH Bildu, etorkizuna; edo UPN, krisirat ekarri gaituen eredua