BAZTANGO EH BILDUK UDAL GOBERNU SENDOA OSATZEKO ERRONDA HASI DU

Udal hauteskundeetako emaitzen ondotik, Baztango EH Bildu, herritarrei zerbitzu hoberena emateko udal gobernu ahalik eta sendoena osatu nahian dabil. Horretarako Nafarroan aldaketaren multzoan lerrokatzen diren eta izaera progesista eta euskaltzalea duten alderdiengana jo du. Baztango Geroa Bairi eta Ezkerrari gobernurako akordio programatikoa eztabaidatzea eskaini zaie eta, horren arabera, zinegotzigoen eta arduren banaketa egitea eta Baztango Tokiko Gobernu Batzordean parte hartzea.

Lehendabiziko kontaktuan akordio programatikorako dokumentu bat aurkeztu zaie, eztabaidarako eta ekarpenetarako irekia. Uste dugu akordioetarat iristea denendako ona dela, bereziki baztandarrendako. Hala, desadostasuna eragiten duten gaien jakitun izanik, horietan bakoitzak bere jarrerari eutsiz, adostasuna eragiten duten gaietan akordiorako eginahalak egitea proposatzen dugu eta, hori horrela, akordio horien gainean gobernu sendoa osatzea. Herritarrek hori eskatzen dutela uste dugu eta gure eskaintza bide horretan egin dugu.