EHUNDAKA BEHI BURU SARTU DIRA AURTEN ERE ERDIZEN

Eriaroaren 1ean, urtero bezala, Baztango bazkaleku komunaletan -Erdizen, Lizartzun eta Belaten- behi-buruak udako sasoirako sartu zituzten. Hiru bazkalekuen artean Erdiz handiena da. 400 hektarea inguru ditu eta astelehenean bertako bazkak eder ageri ziren. Baserritarrek azienda buruak bertan utzirik ondoko hilabeteak bertze langintzetan lasaiago pasatuko dituzte. Erdizek eta Baztango gainerako bazkalekuek Baztango ekonomian funtzio produktibo garrantzitsua dute eta Erdizekoa, gainera, Europako Natura 2000 sarearen barnean dago. Azkeneko urteetan bazkalekuek zertifikatu ekologikoa erdietsi dute, modu horretan lur horiei balio gehigarria emanez. Azkeneko urteetan Magnaren harrobi egitasmoak Erdizi buruzko eta Baztango ekonomia errealari buruzko mehatxu etengabea suposatzen du.