"KERIZU BERETIK" HERRI EKIMENA AURKEZTU ZUTEN LARUNBATEAN


Joan den larunbatean Kerizu Beretik aurkeztu zen Elizondon. Baztan Hezitzaile baten alde lanean aritzeko helburuz sortutako herri ekimen hau, Euskal Herriko herrialde guztietako hainbat herri eta auzotan sortutako antzeko egitasmoei gehituko zaie; OarsoIrriak, Ametsetako Baigorri, OinHerri...

Baztanen haur eta nerabeentzako aisialdi hezitzaile, hezkidetzaile, inklusibo, anitz eta euskaldun baten alde aritzea du helburu, auzolana eta partehartzea tresna ezinbertzeko bilakatuz eta haurren ekintzailetasuna bultzatuz. Ekimen hau, udala, kultur eta hezkuntza eragile zein herritar orori zuzenduta dago, goitian marraztutako printzipioak denen topagune bihurtu daitezen bilatzen baita. 

Asteburu honetako topaketan, ekimenaren nondik norakoak ezagutzera eman ziren. Gainera, Elizondo, Lekaroz eta Amaiurko herrien zein Udal Gizarte Zerbitzuen egitasmoak jakinarazteaz gain,  jolaserako parke eta eremuen inguruko hausnarketa interesgarri bat aditu eta eztabaidatu ahal izan zen Txusma Azkonak proposatutako zalantza eta eztabaidaren hariari jarraikiz. 

Oraingo honetan Elizondoko Herria eta Kerizu Beretik ekimenaren hartu emanaren ondorioz antolatu dira jardunaldiak. Zer solastu eta egiteko aunitz badela ondorioztatuta, bistan da, asteburuko topaketa hauek hasiera baino ez dira izan. Erne ondoko deialdiei.