BATZAR NAGUSIAK NAFARROAKO GOBERNUARI AROZTEGIAKO PSISa GIBELAT BOTATZEA ESKATUKO DIO

Baztango Udal Gobernuak igorritako prentsa oharrak halaxe dio:
Uztailaren 1ean egindako Baztango Batzar Nagusiak, gehiengo osoz, Nafarroako Gobernuari Lekarozko Aroztegiako udalez gaindiko plan sektoriala gibelat botatzeko eskaria egitea erabaki zuen. Proposamena Lekarozko herriko alkateak aurkeztu zuen eta ekainaren 26an herrian harturiko erabakia zuen oinarri. Egun horretan Lekarozen egin zen herriko batzarrean, gehiengo osoarekin Baztango Batzar Nagusiari aipatu eskakizuna egitea erabaki zen. Modu berean, Nafarroako Gobernuari errekerimendua egiteko eskaeraz gain, PSISaren erabakia gibelat ez botatzekotan Lekarozko herriaren defentsan pertsonatzeko konpromisoa hartzea eskatzen zuen Batzar Nagusian aurkezturiko Lekarozko herriaren idatziak. Batzar Nagusiak hori ere onartu zuen. Azkenik, Baztango udaleko osoko bilkurari aipatu eskaerak egiteko proposamena ere onartu zen. 17 batzarkidek aldeko bozka eman zuten (tartean EH Bildu eta Ezkerrako ordezkariak), 7 abstentzio izan ziren (Geroa Baiko 2), aurkako 1 (Baztan auzolanean) eta UPNeko bi zinegotziek bozka emateari uko egin zioten.