ESKUALDEKO LANBIDE HEZIKETARI BURUZ HEZKUNTZA ETA UDAL ORDEZKARIEN BILERA

Eskualdeko lanbide heziketa eskaintzari buruz aritzeko astelehen atsaldean Bera, Elizondo eta Lekarozko lanbide heziketa ikastetxeetako ordezkariek eskualdeko udaletxetako ordezkariekin bilera egin zuten. Doneztebeko Juansenean burutu zen bilkura. Harat Arantza, Donamaria, Oiz, Bera, Urdazubi, Sunbilla, Doneztebe, Lesaka, Ituren, Zubieta eta Baztango udaletako ordezkariak joan ziren.

Elizondoko lanbide heziketa ikastetxeko zuzendariak, Maite Aristegik, orain artioko gogoeta prozesuaren berri eman zuen. Hala, ikastetxeen artean adostu dituzten oinarriak jakinarazi zituen: eskualderako lanbide heziketa zentru erreferente bat behar dela, euskalduna (D eredua lehenetsiz), kokapen zentralizatua izanen duela eta oraingo eskaintzatik abiaturik egokitu eta berritu beharko litzatekeela.

Ildo horretan, Nafarroako Gobernutik hori guztiari buruzko adostasuna ­hezkuntza eskaintza eta kokapenari buruzko adostasuna­, eskualdean lortu behar dela erran zutela jakinarazi zuen. 

Horrela gauzak gogoeta honetan eskualdeko eragile guztien parte hartzea beharrezkoa dela aipatu zuen. Hemendik aitzinerat iritziak eta ekarpenak biltzen eta adostasunak eraikitzen jarraitu nahi dutela ere erran zuen. Bide horretan udaletxeen inplikazioa beharrezkoa eta garrantzitsua dela azpimarratuz.