(H)ILBELTZA: JOAN DEN URTEKO ESPERIENTZIA POSITIBOAK BERRIZ ANTOLATZERAT ANIMATU GAITU

Heldu den astean EUSKAL NOBELA BELTZAREN ASTEA izanen da bigarren urtez Baztanen. Horren harira, elkarrizketa egin diegu antolatzaileei:


Zergatik Euskal Nobela Beltzaren Astea?

Idazleekin solasean ekimeneko partaideak gara eta ohartu gara literaturaz gain gai sozialek ere pizten dutela gure interesa. Idazle batek erran zuen bezala, sozioliteratura egiten dugu. Iruditzen zaigu Nobela Beltzak salaketa soziala egiteko baliatzen ahal direla, eta gure bi asmoak biltzen dituela: literaturarekin gozatu eta bertze gai sozial batzuk jorratu, gai beltzak.

Bigarren urtea da, horrek erran nahi du iazko esperientzia positiboa izan zela?

Bai, arras. Joan den urtean gozatzeaz gain, zenbait gauza ikasi genituen, zalantza berriak sortu, interesa piztu. Ekitaldi desberdinak antolatu genituen eta horrek ere lagundu zuen. Gauza berriak deskubritu genituen (Mariano Izetaren nobela beltza, euskaraz idatzitako nobela beltz andana, Baztan literaturan…); sormenarendako tartea izan genuen (Baztango kontu beltzak kontatu genituen adibidez) eta Nobela beltzen ezaugarrietan sakondu genuen (mahai inguruan gehienbat). Horren guziaren balorazio positiboak lagundu gintuen aurten ere hemen egoten.

Eta jendearen harrerak lagundu du hortan?

Bai, doike. Batetik, gonbidatu genituenen erantzuna arras ona izan zen eta joan den urtean etorri ziren guziekin harreman ona egin genuen. Bertzetik,  parte hartzaileen erantzuna ere ona izan zen,  eta horrek guziak giroan eta aitzin segitzeko asmoan aunitz lagundu du. Sare sozialetan eta literatur munduan ere ohartu gara erreferentzialtasuna hartzen ari dela, eta hori inportantea da.

Ze ekarpen iruditzen zaizue egiten duela (H)ilbeltzak?

Arestian erran bezala, iaz honetan hasi ginelarik ohartu ginen Mariano Izeta dugula euskal nobela beltzaren sortzaileetako bat (1962.urtean idatzi zuen Dirua galgarri eleberri beltz gisa definitu izan dute), eta geroztik euskaraz  idatzi diren nobela beltz anitz Baztanen girotu direla. Baztani begira ez ezik, Euskal Herri osorat begiratzeko nobela beltzen leihoa irekitzea dugu helburu, Euskal Herrian euskaraz egiten den gisa honetako ekimen bakarra baitugu.
Nobela beltzen zaleak eta idazleak harremanetan paratzeko eta elkarren berri izateko gune apropos eta gozoa dela uste dugu.

Nola planteatzen duzue aurtengoa, iazkoaren hari beretik?

Joan den urtean bezala, astea ekitaldiz betetzeko asmoarekin hasi genuen eta ideia  berriak biltzen. Idazleekin solasean,mahai ingurua,aurkezpenak, susmagarrien gaua eta igandeko itzulixka errepikatuko ditugu, baina gai eta leku desberdinetan eginez. Berrikuntza gisa, zinema eta musikarekin egin ditugun bi ekitaldiak: akabaila beltzak zineman eta irakurraldi musikatuak. Gauza kuriosoa izanen da Angelita Loidirekin eginen dugun egonaldia ere. Jose Antonio Loidi nobela beltzaren lehen euskal idazletzat hartzen dutena da, eta haren arreba bibiroa da Angelita Loidi.

Web orri bat ere  paratu duzue martxan…


Bai, hori informazioa biltzeko erabili nahi dugu, (H)ilbeltzak egiten dituen ekarpenak biltzeko, iritziak biltzeko… Gure asmoa da urtean barna hori elikatzea. 18an aurkeztuko dugu jende aitzinean, baina gaur gero martxan da: ilbeltza beltzaz. Horrekin batean (H)ilbeltza beraren ekitaldien segimendua egiteko bloga erabiliko dugu: ilbeltza