Aroztegia...eta gero zer? plataformak agerraldi jendetsua egin du gaur atsaldean Herri galdeketaren prozedura martxan dena adierazteko eta manifestazio baterat deitzeko.
Harat hurbildutakoen erranetan, plataformak hasmentatik hiru helburu nagusi izan ditu: proiektu urbanistiko-espekulatzailea
gelditzea, gaiari buruz herri eztabaida abiatzea eta erabaki kolektiboak
errespetatzea.
Proiektuak baztani ekarriko lizkiokeen kalteak kontutan hartu behar direla azpimarratu dute, inongo justifikazio sozialik eta Baztango
udal planetik kanpo egin nahi duten proiektuak lurraldearen desegituraketa nabarmena
ekarriko luke. Proiektu hau aitzin ateratzeko, enpresa pribatu bati
baztandar guztien herri lurrak, zein herriko nekazarien lur pribatuak
bereganatzeko eskubidea eman nahi zaio. Espekulazioan eta bezerokerian
oinarritutako eredua delakoz, eta agortuta dagoen ustelkeriaz kutsatutako
eredua izanik, aurka agertu gara.
Proiektuaren alde ari direnak (UPN eta Geroa Bai eskutik) kontra agertu direnak kontutan hartu beharko zituztela diote: Lekarozko herria,
Nafarroako Gobernuko zenbait teknikari, epaitegiak, herri eragile, Baztango
Batzar Nagusia, eta bertze hainbat ahots. UGPS/PSIS hau onartzea erabaki politikoa izan da eta posible zein
ezinbertzekoa da erabaki honetan atzerat egitea.
Martxan paratu den herri galdeketaren prozedurarako Baztango zentsoaren %10ak sinatu behar du. Sinadurak Baztango Udaletxeko
bulegoetan bilduko dira, astean zehar
ohiko ordutegian 9tatik-14ak arte, eta 10etatik 13ak arte larunbatetan,
kopuru hau lortu arte. Herritar bakoitzak bi sinadura eman beharko ditu, bat
Baztango Udalari egindako eskaera betetzeko eta bertzea Baztango Batzar
Nagusiari eskatzeko. Sinaduren bilketekin, ortzirale honetan, apirilaren 1ean
hasiko gara. Sinatzaileek Baztanen erroldatutako herritarrak izan behar dute.
Galdera ondokoa izanen da:
Ados zaude Lekarozko
Aroztegia eremuan, 228 etxebizitza,
hotela, eta golf zelaia biltzen dituen egitasmo urbanistikoarekin, Bai ala Ez?
Manifestazioa berriz, apirilaren 23an izanen da, Elizondon, arratsaldeko 5etan. Parte hartzerat deitu dituzte herritar guziak gure etorkizuna eta eskubideak jokoan daudelakoz!
www.aroztegiaetagerozer.eus
web orrialdean manifestaziorako atxikimendua ematen ahal da.
Prentsa ohar osoa irakurtzeko hemen