BAZTANGO UDAL ORDEZKARIAK BAILARAKO AZPIEGITUREI BURUZ AIERDIREKIN MINTZATU DIRA.

Joan den astelehenean Florentino Goñi Baztango udaleko herri-lanetako zinegotzia eta Joseba Otondo Baztango udaleko alkatea Manu Aierdirekin Nafarroako ekonomi garapeneko lehendakariordearekin Iruñean bildu ziren. Bilera Baztanek joan de irailan eskatu zuen eta helburua bailarak dituen azpiegitura beharretaz aritzea zen. Modu horretan Goñik eta Otondok beharrezkoak diren azpiegituren zerrenda helarazi zioten: Elizondoko sarrerako zubia, Lekaroz hilerriarekin lotzeko saihesbideren gainetik egin beharreko oinezkoen zaldaina, Ordokiko bidegurutzeko biribilgune edo errotonda, Beartzuneko bidean zabalguneak egitea eta Elizondorainoko Bide Berdeko tartearen finantziazioa. Aierdik gobernuaren finantza egoeraren berri eman zien, UPNren garaiko itzalpeko bidesariek, adibidez, urtero 60 milioi euroko kostua dutela eta horrek departamentua aunitz estutzen duela. Beren lehentasuna, errepideen kontserbazioa dela erran zuen eta proiektu berriak ondoko urteetako finantzen bilakaerarekin lotu zituen. Konpromiso zehatzik ez zuen hartu.

Bertzalde Baztango udaleko ordezkariek Belateko tunelei buruz galdegin zioten eta, Aierdik, ondoko hiru urteetan segurtasuna hobetzeko 7 milioi euro inbertituko dutela erran zuen; aurten, 200.000.  Diru horrekin elektrizitateko bigarren lerroa, estraktoreen berrikuntza e.a. eginen dute.  Modu berean Goñik eta Otondok N121A errepidearen segurtasunaz galdegin zioten eta gobernuak errepidearen segurtasun eta arriskuen azterketa eta balorazio ekonomikoa eginak dituela erantzun zien, nahiz hobekuntza horiek noiz eginen diren ez argitu.

Aroztegia eta herri galdeketa

Azpiegituretaz gain, Baztango hautetsiek bileran Aroztegiari buruzko gaia atera zuten. Manu Aierdiren kontseilaritza Aroztegiko proiektu bulkatzen ari dela jakitun, Baztango alkateak PSIS gelditzea eta galdeketa egitea beharrezkoa dela erran zion, hori dela gehiagorat ari den gatazka sozial hau demokratikoki eta zentzuz konpontzeko bide bakarra. Halaber, Baztanen etorkizuna guztiz baldintzatuko duen halako proiektua tokiko erakundeen eta herritarren gainetik PSIS bidez tramitatzea ez dela inondik ere onartzen ahal erran zion. Aierdik, PSIS defenditu zuen.