LANTEGIETAN ALDAKETA ESKATZEKO, MANIFESTAZIOA DEITU DU LABEK LARUNBATERAKO

Zortzi hilabete pasa dira Nafarroako Gobernuan eta udal nagusietan aldaketa historikoa gertatu zenetik. Urratsak eman dira demokratizazioan , bertzeak bertze, ordezkaritza sindikalaren %40aren bazterketari amaiera emanez. Baina lantokietara ez da aldaketarik ailegatu. Langileek langabezia, prekarietatea, diskriminazioa eta eskubide murrizketak pairatzen segitzen dute. 
Horregatik, ezinbertzekoa da mobilizatzea neurri zehatzen alde: 35 orduko lan astea, hileko 1200 euroko gutxieneko soldata eta 1080ko gutxieneko pentsioa, aukera berdintasuna edota zerbitzu publikoen garapena. Era berean, holako neurriak Nafarroan erabaki eta ezarri ahal izateko, lan esparru propioa aldarrikatu beharra dago ezinbertzean, unean uneko Espainiako Gobernuaren esku sartzerik gabe; izan ere, azken urteotan 17 nafar lege (gehienak, izaera sozialekoak) bertan behera utzi baititu.

LABek manifestazio handi bat deitu du martxoaren 19an, eskakizun hauei bultzada emateko. Langileriaren mobilizazioa erabakiorra izan zen aldaketa instituzionala ahalbidetzeko. Orain mobiliziora jo behar dugu, aldaketa, gehiengo langileriaren lan eta bizi baldintzetan gauzatu dadin lortzeko.