Ondoko egunetan Luzaiden herri galdeketa eginen dute Bolanteen jauzietan emakumeen partehartzeari buruz. Plazara Dantzara herri ekimenak oharrean salatu du ezin dela bazterketa publiko bat bozketen bidez erabaki:
EMAKUMEON
ESKUBIDEAK, HERRI GALDEKETEN MENPE?
Hauxe da azken astean Luzaideko Bolanten
batzordeak planteatu digun galdera. Urte anitzetan eman den bazterketa publikoa
eta onartua mantendu behar den ala ez galdetuko dute. Bazterketa
sexista-kolektiboa egiten segitu behar duten ala ez zabaldu dute komunikabideetan,
proposamenari kutsu aurrerakoia eman nahian. Naturaltasunez egiten dira
holakoak, naturalizatua daudelakoz emaztekien kontrako erasoak. Eta batzuek
diote, “herriko aferak dira eta bertako herritarrek erabaki behar dute”, baina
hori ere ez da kasua. Diskriminazio hori ospatzera eta txalotzera kanpotik
heldu direnek ere parte hartzen ahal dute. Herritar hauek, emakumeon eskubideak
urratzen ahal duten edo ez erabaki nahi dute, Nafarroako jendartearen isiltasun
konplizearen babesarekin.
Bolanten batzordeak, Baztango mutil-dantzetan
pasatutakoa gogoan, Luzaidek galdeketa eta parekidetasunerako borondatearekin
auzia bertze modu batera bideratzeko asmoa omen du. Ez dugu zalantzan paratzen
batzuen borondatea, baina auzia ez da inondik ere konpontzen eskubide urraketak
demokraziaz disfrazatuz, edota bertze eskubide urraketa batekin, eta horixe da
Luzaidetik planteatu dena. Emakumeok ez dugu baimenik eskatu behar plazetan
egoteko; ez dugu onartu beharrik bertzeek ze jantzi behar dugun erratea; ez
dugu onartuko ere, bertze batzuek gure eskubideak negoziatzea. Luzaiden ematen
ari dena, bazterketa sexista da, emakume guzien kontrako erasoa da. Erantzun
kolektiboa eskatzen duen eraso kolektiboa, erran nahi baita.
Luzaiden egindako galderetan “neskak” paratzen
duen tokian “beltzak”, “ijitoak”, “homosexualak”, “transexualak” edota
“errefuxiatu siriarrak” paratuko bagenu? Hau da, “ijitoak dantza taldean parte
hartzearen alde zaude?” Eta “Nola beztitu behar dute beltzek?” Eta “Zein
pertsonaia ordezkatu behar dute transexualek?” Eskandalagarria litzateke,
onartezina! Egun batzuk pasa dira berria publiko egin zenetik baina ez dugu
ikusi galdeketa honi buruzko iritzi artikulurik, ez ditugu martxoaren 8an
pankarten gibelean egon diren ordezkari politikoak bidegabekeria hau salatzen
ikusi. Ikaragarria da nola, kasu honetan, tokiko zein Nafarroako instituzioek
ere, eskubideak bermatzeko duten erantzukizuna alde batera utzi duten. Europako
bandera Parlamentutik erretiratu den aste berean, errefuxiatu siriarrekin
gertatzen ari den eskubideen urraketa salatzeko, “pertsona guzien eskubideak
nagusitu daitezen” aldarrikatzeko. Logika honetan, ez da Europakoa
parlamentutik erretiratu beharko litzatekeen bandera bakarra.
PLAZARA DANTZARA HERRI EKIMENA