GEROA BAI, UPN ETA BAZTAN AUZOLANEAN AURREKONTUEN KONTRA ELKARREKIN

Prentsa ohar baten bidez ortzegunean izandako Osoko BIlkuran aurrekontuekin gertatu zena agertu du Baztango gobernu taldeak:

Baztango udal aurrekontuei buruz piztu den polemikaren inguruan, gobernu taldeak argipen hauek egin nahi ditu:

Udaleko gobernua osatzen duten taldeak baztandarren ongizatea helburu duen aurrekontu sozialen lanketan ibili da, betiere, Nafarroako Gobernuak onartutako aurrekontu egitura berrirat egokiturik eta Egonkortasun Legeak ezartzen dituenak mugaturik.

Aurrekontuen behin betiko zirriborroa alderdi guztiei bakarka aurkeztu zitzaien, proposamenak eta ekarpenak egiteko gonbitea eginez. Gobernuko taldearen ekimenez bilera bat baino gehiago egin zen, baina hiru astetan ez zen inolako erantzunik izan, inork ez zuen deus aurkeztu.

Alta osoko bilkura egin baino bi egun lehenago, apirilaren 26an, Informazioa emateko batzorde iraunkorrean Geroa Baik, UPNk eta Baztan Auzolaneanek, hiruak batera, blokean, kontu-sail bat baino gehiago ukitzen zuen emendakina aurkeztu zuten. Hor proposatutakoen artean eskualdeko euskarazko komunikabideei %33ko mozketa egitea

Biharamunean Geroa Bai, UPN eta Baztan Auzolaneanen blokeak eskualdeko euskarazko komunikabideen mozketa kentzen zuen emendakina erregistratu zuen. Emendakin honek, lehendabiziko bertsioak bezala gabezi handiak zituen.

Osoko bilkurarat ailegaturik, udaleko kontuhartzaileak emendakinari buruzko txostenaren berri eman zuen. Txostena gogorra zen: emendakinak legea ez zuela betetzen ohartarazi zuen, alderdi zalantzagarriak zituela eta teknikoki ez zela bideragarria. Gainera, emendakina onartzekotan, errekurritua izanen zela eta aurrekontua trabatuko zela jakinarazi zuen.

Ohartaraztapenak gora-behera, Geroa Baik, UPNk eta Baztan Auzolaneanek emendakinaren alde egin zuten; hala, emendakina onarturik gobernuak proposatutako aurrekontu proiektuan txertatu zen.

Aurrekontua bozkatzeko tenorean udaleko idazkariak, kontuhartzaileak errandakoak oroitarazi eta emendakina txertaturik zuen aurrekontua ez zela legezkoa ohartarazi zuen, Egonkortasun Legea betetzen ez zuelako.

Egoera horretan, gobernuko taldeak, ordurako arrunt itxuraldatutako eta gainera legezkoa ez zen aurrekontuaren aurka bozkatu zuen. Alta, harrigarria bada ere, pixkat lehenago emendakina onartuz aurrekontua aldatzea lortu  zuen Geroa Bai, UPN eta Baztan Auzolaneanen blokeak, aurrekontu berria ez babestea erabaki zuen.

Denbora honetan gobernuko taldea baztandarrendako ahalik aurrekontu hoberena egiteko eginahalean aritu da; haatik, Geroa Bai, UPN eta Baztan Auzolaneanen jokabide axolagabeak, momentuz bederen, Baztan aurrekonturik gabe utzi du, horrek ekartzen dituen ondorio guztiekin. Halaber, udaleko plantilla organikoa onartu gabe gelditu denez, udaleko langileen lan-baldintzen kontra egin dute.


Ikusitakoak ilusita, Geroa Bai, UPN eta Baztan Auzolaneanen helburu bakarra aurrekontuak trabatzea zela argi gelditu da, baztandarren ongizatean horrek edukitzen ahal dituen ondorioetan bat ere pentsatu gabe.