500 EUROKO DIRULAGUNTZAK BANATU DITU UDALAK


Baztan ikerketagai duten ikasketa akaberako lan eta proiektuak diruz laguntzeko ekitaldia aurkeztu zuen atzo Baztango Udalak: Gazteak beren ikasketekin Baztanen alde inplikatzeko eginahala da. Baztango garapen sozial, ekonomiko eta kulturalari buruzko begirada berriak eta haize freskoa behar ditugu eta, horretan, baztandar gazteek zer egin handia dute.  Etorkizuna beren eskutik heldu da eta, horretarako, udalak ere eskua eskaini behar dielakoan gaude.

Nafarroan aitzindaria den deialdia urtero errepikatzeko asmoa dutela azaldu zuen Joseba Otondo alkateak. Hiru proiektu aurkeztu ziren, eta denek guttieneko kalitatea zutela ikusita, hiruei laguntza bana ematea erabaki zuten, hiruen artean landa-eremuari buruzko begirada konplexua eta anitza eraikitzeko lagungarriak:
  • Alaitz Arretxea, Enpresen administzrazio eta zuzendaritzako ikaslea NUPen. Aukeratutako gaia: Turismoaren eragina piriniotako haran baten ekonomian: Baztan
  • Oihana Otxandorena, Antropologiako ikaslea EHUn. Aukeratutako gaia: Tradizioa eta generoa: Baztango mutildantzak.
  • Josune Berho, Artearen Historiako ikaslea EHUn. Aukeratutako gaia: XVII.-XVIII. Mendeetako Baztango goi-mailako etxebizitza tipologia

Lanak akitu ondoan, udalaren laguntzarekin norberaren herrian aurkezpen solasaldiak eginen dira.

Joseba Otondok azaldu zuenez, urtero deialdi hau eginez gure burua ezagutzeko gero eta aukera handiagoa emanen digu eta Baztani buruz interesgarriak izan daitezkeen proiektuak garatzeko aukera ere bai. Bertzalde, baztandar ikasleendako beren herria arretagune akademiko bezala ezartzen lagunduko du eta herriari buruzko konpromisoa modu batean edo bertzean elikatzeko balioko du. Baztan herri dinamikoa da , aldiro aldatzen ari dena, arazo eta erronka desberdinak dituena. Prozesu dinamiko horiek ulertzen laguntzeko, arazoak erronka izateko eta, azken batean, Baztan denen artean hobetzeko, deialdi hau interesgarria izanen delakoan gaude.