BAZTANGO EUSKARA PLANA BERTAN BEHERA UTZI DU AUZITEGIAK

Baztango Udalak 2014ko abuztuan onartu zuen euskararen erabilera normalizatzeko plana. Euskara lehenesteko neurri batzuk bildu zituzten: webgunea irekitzean euskarazko bertsioa agertzea lehenik, herritarrekiko harremanetan lehen hitza euskaraz egitea udaleko langileek eta seinaleetan euskara erabiltzea, adibidez. Herritar eskubideak errespetatzea jaso zuten, nolanahi ere.

Nafarroako Gobernuak salaketa jarri zuen, erranez legearen kontrakoak zirela euskara sustatzeko neurri horiek. Bi urteren ondotik ailegatu da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia. Bi argudio nagusi ditu. Batetik, juridikoki ez zutela zuzen egin plana, neurriak ikusita.
Bertzetik, Euskararen Legeak eta administrazio publikoetan euskara erabiltzeko dekretuak zehaztutako mugak gainditzea egotzi diote udalari. Gogora ekarri ditu muga horiek: ele bitan egin behar direla argitalpenak eta seinaleak, herritarrekiko harremanetan biak erabili behar direla herritarrek kontrakoa erraten ez badu, eremu euskaldunetik kanpo eragina duten agiriak ere gaztelaniaz egin behar direla...

Legeak ez ezik, Baztango euskara ordenantza bera urratzea da hori, epaileen ustez. Arrazoi eman dio gobernuaren salaketari. Ezin da helegiterik jarri.