Jende andana bildu zen atzo Benito Menniko langileek deituriko elkarretaratzean, enpresak baldintzak hobetzeko aukera izanta ere, ez duela nahi salatzeko. Mobilizazio gehiago eginen dituztela erran zuten, hasteko heldu den ortziralean auto-karabanaElizondoko karriketan barna.
Gaur egun 130 langile ditu Benito Mennik eta 9 delegatuak ELAkoak dira. Sindikatu honek ohar bidez aipatu duenez, langileen jarduna ez da baloratzen, lau urtez izoztuta utzi ondoren, enpresa solbente eta saneatu honek ez ditu langileen baldintzak hobetu nahi.
Enpresak egiten duen proposamenak lan baldintzak kaxkartzen dituela uste du ELAk: Bere ustetan, langileok gure jarduna handitu behar dugu (egunez lan egiten dugunok 7 ordu, eta gauez egiten dugunok 14), antzinatasuna izoztu egin behar dugu, eta horren trukean %0,5 xixtrin bat eskaintzen digu, gainera Hitzarmena sinatzen denetik aurrera.
Langileen Batzordeen proposamena bi urtetarako da, 2018tik aurrera ikusiko dugu zer datorren, baina zenbakiak ikusita, badakigu enpresak nahikoa egoera ona duela guk aurkeztutako plataformari aurre egiteko. Batzordearen iritziz, enpresak, irailetik maiatzera denbora irabazi du, eta egindako azken proposamenean ez da egon inolako aldaketarik hasieran proposatzen zuenarekin alderatuta.
Horregatik langileok mobilizatzea erabaki dute. Argi ikusi da Benito-Menni enpresak, nahiz eta urteak joan eta urteak etorri emaitza positiboak eduki dituen, langileoi beti ikuspegi apokaliptiko bat marrazten digu, gure eskaerak deslegitimatzeko helburuarekin, dio ELAren oharrak.