Alde batetik, parte hartzea Baztanen, abenduaren 20ko
hauteskundeetan baina 6 puntu ttipiagoa izan da, denera %58ak bertzerik ez du
bozkatu. Banaz bertzeko orokorra baina dexente guttiago. Parte hartze
eskasagoak indar aurrekaroi eta abertzaleei eragin diela bistakoa da, tartean,
EH Bilduri.
EH Bildurekin jarraikiz, indar bozkatuenaren tokia galdu du.
Abenduaren 20ko hauteskundeetatik 70 bozka galdu ditu; hala ere, bozken %24
pasatuxe mantendu du. Zalantzarik ez da EH Bilduren bozkaren zati bat Podemoserat
joan dela, Espainian aldaketa eman zitekeenaren itxaropenarekin. Bertze puska
bat, etxean gelditu izanen da. Espainiako hauteskundeak, Espainiakoak baitira.
Emaitza espero zitekeenaren barnean eman da.
Bertzetik, indar bozkatuena UPN-PP izan da, bozken
%25arekin. Bozkaemaileen zati garrantzitsu batek ustelkeria kasuekin guztiz
nahasirik dagoen alderdia babestea erabaki du; ustelkeriak ez die eragiten,
logika politiko- instituzional eta ekonomiko ustel baten legitimatzaileak dira.
Bozken %25 eskuratu dute eta EH Bilduri 26 bozka atera. Ciudadanosen galerak
beren alde egin du.
Podemosek A20 hauteskundeei buruz emaitzak hobetu ditu eta
%24rat iritsi da, nahiz EHBilduren gibeletik. Estatuan aldaketa emateko Euskal
Herriko eta Baztango bozka erabilgarria bere egin du, nahiz, Estatu mailako
datuek erakutsi dutenez Espainia ez den erreformatzen ahal, espainiarrek ez
dute aldaketarik nahi. Hala, PSOEren gibeletik gelditu dira eta ez da sorpasso
delakoa eman.
Geroa Baik alimaleko zanpetakoa hartu du. Garbi da ez zirela
beren hauteskundeak eta lehen aipatu ditugun klabeek beraiei buruz ere eragina
dutela. Nolanahi ere, begirada Baztanen pausutaurik, zafraldi handia hartu dute
eta Aroztegiakoak, aurrekontuak ez onartzeak, UPNrekiko elkarlanak nolabaiteko
zigorra eman dielakoan pentsatu daiteke. Aroztegiakoari buruz gainera, EH
Bilduk eta Podemosek –galdeketaren bidea defendatu zuten koalizioek- ia 1.700
bozka atera dituzte, aise nagusituz.
Horrela gauzak, bertze behin, Baztan eremu ezkertiar eta
aurrerakoi zabal eta trinko bat dagoela agerian gelditu da, erabakitzeko
eskubidea onartzen duena eta klabe estataletan modu jakin batean adierazi da.
Baztanen aldaketa sozial eta politikoaren bidean aitzinerat egiteko indar aski
dago. Geroa Baik, bere burua eremu zabal horretatik kanpo utzi du eta, neurri
batean, horren zigorra jaso.