BAZTANDARREN BILTZARRAK INGURUMENAREKIKO ETA JASANGARRITASUNAREKIKO KONPROMEZUA INDARTUKO DU AURTENGOAN
Hondakin teknikariak prentsa ohar batean halaxe adierazi du:
Igande honetan ospatuko den Baztandarren eta eskuararen besta haundian sortutako hondakinen kudeaketa arduratsuago baten alde eginen dute antolatzaileek Baztango Udalaren laguntzaz.
Azken urteotan zentzu edo norabide honetan pausuak eman badira ere, aurtengoan besta erraldoi honek sortutako hondakin kantitate haundi horren kudeaketa hobetze bidean aurrerapausuak emanen dira Baztango Udalaren eta Baztandarren Biltzarra elkartearen elkarlanari esker.
Duela urte batzuetatik honat erabiltzen diren edalontzi berrerabilgarriekin jarraituko da noski, honekin sortutako zabor kopurua neurri haundi batean murriztea lortzen delarik beti ere zentzu egokian erabiltzen badira. Hauen kasuan, bestan zehar egiten ditugun kontsumizio guztietarako erabili ondoren besta akitzen dugunean itzultzea litzateke egokiena datorren urterako erabilgarri egon daitezen.
Edalontziez gain, joan den urtean hasitako hondakinen bereizketa bideari jarraituko zaio. Aurtengoan ere sortutako hondakinak gaika sailkatzeko edukiontziak paratuko ditu Baztango Udalak. Joan den urtean baino edukiontzi gehiago izanen dira eta aurten gai organikoaren bereizketan saiakera berri eta kontrolatuagoa egitea aurreikusten da gainera. Lanean laguntzen eta zerbitzatzen arituko den jendeari hondakinak era egokian bereizteko argibideak eta afitxak emanen zaizkie, edukiontzi bakotxean bota beharreko hondakinen irudiak paratuko dira eta megafonia baliatuz ere egunean zehar hondakinen kudeaketa egoki baten aldeko mezuak bidaliko dira herritarren partehartzea eskatuz.
Bestaren arrakasta eta kalitatea guztion esku dagoelako, joka dezagun zentzuz eta izan gaitezen arduratsu! Pasa Baztadarren Biltzar egun on!!!