ESKUALDEKO HAUTETSIEK PIRINIO ATLANTIKOTAKO TOKIKO BIOMASA PROIEKTUAK EZATZEKO AUKERA IZAN DUTE


Ezpal-galdarak ezagutzeko asmoarekin Nafarroako udaletxeetako hainbat ordezkari Frantziako Pirinio Atlantikoetako Bedous eta Astugue herrietarat bisita egin zuten asteartean. Eskualdeko hautetsien artean Juan Kruz Iriarte Baztango mendi eta herri-lurretako zinegotzia eta Joseba Otondo Baztango alkatea, Josu Iratzoki Berako alkatea eta Mikel Lertxundi mendiko zinegotzia, Amets Inda eta Maria Jesus Berau Sunbilla eta Iturengo alkateak eta Jon Telletxea, Beintza-Labaingo alkatea zeuden.

Aspe mendiaren inguruetan dauden herri ttipi hauetan bi proiektu desberdin egin dituzte. Bedousen kasuan mediku-kontsultategia, mediku-egoiliarren etxea eta oraino inguruan garatzen ari den urbanizaziorako ezpal-galdara kolektiboa eta berogailu sarea egin dute. Gaur egun 1.500 m2ko azalerarendako berogailua eta ur-beroa eskaintzen dute. Proiektuarekin tokiko baliabideak balioztatu eta jarduera berriak (mantenimendua, erregaiaren produkzioa…) sortu nahi izan dira. Egitasmoa SDPA partzuergo energetiko publikoak egin du, denera 323.000 euroko inbertsioa eginez. Orain Bedouseko udalak 20 urtez urtero 13.000 euroko alokairua ordaindu beharko dio. Alokairu hori bertze beroketa sistemen prezio beretsukoa da.


Bertzalde, Astugueko herrian Mointeguko ospitalea bisitatu zuten. Ospitale honetan gas propano galdara alokairuko ezpal-galdara batengatik aldatu dute. Ezpal galdara modulo mugigarria da, parte hartze publikoa duen Estera enpresak garatu duena. Ospitalak ez du bat ere inbertsiorik egin behar izan, Esterak aipatu moduloa instalatu eta lehengo berogailu sistemarat lotzearekin aski izan da. Inbertsiorik egin gabe ospitalak ekonomikoki urtero banaz bertze %12 aurrezteaz gain, tokiko baliabideak balioztatzeko balio izan du, izan ere erregaia 40 kilometroko ingurutik ekartzen baitute. Estera enpresan Frantziako ohianen erakunde publikoak, departamentuko udal-oihandunen elkarteak eta egur-enpresek parte hartzen dute.

Atzoko bisitak energia ereduaren aldaketak tokiko garapena eta energia burujabetza bulkatzeko garrantzi handia duela ikusteko balio izan zuen eta udalez gaindiko antolakunde publikoek duten garrantzia ere bai.

Bisitaldia Gestión Ambiental Navarra enpresa publikoak antolatu zuen.