Baztango Udalak Garabiderekin duen hitzarmena baliatuz, Mexiko, Ekuador eta Guatemalako lau lagun izan genituen gurean beraien hizkuntzen egoeraren berri emateko. Hego Ameriketan ehundako hizkuntza solastatzen dira, nahiz espainolaren nagusitasunak eta zapalketak hizkuntza gutituak egoera larrian paratu dituen. Arizkunenean beraien esperientziaren eta bizipenen berri eman ziguten, beti ere hizkuntza ardatz hartuta.
Ekuadorren erraterako, hamalau hizkuntza indigena solastatzen direla aipatu zigun Intik. Kitxuak 800.000-milio bat hiztun artean ditu, hala ere hizkuntza minorizatua da. Kitxuak dialekto anitz dituenez, 1984.urtean hasi ziren beraien hizkutzaren arauak zehatzen, estandarra lortzeko bidean (gure euskara batua izanen litzatekeena).
1986an Ekuadorren Hezkuntza elebiduna sortu zuten, horrek ondorio kaltegarriak izan zituen kitxuen komunitatean, elebakar kitxuak zirenak bi belaunalditan elebakar espainol bihurtu baitira. Hezkuntza alorrean hala ere, lan handia dute egiteko, oraino ez baita unibertsitateko karrerarik kitxueraz ikasten ahal denik.
Mexikotik bi lagun etorri ziren, baina biak hizkuntza desberdinetako hiztunak: bata Gabriel, nahuatla hizkuntzako hiztuna, eta bertzea Isaac, Yukattango mayahizkuntzako hiztuna. MExikoan 68 hikzuntza desberdin mintzatzen direla aipatu zuten, eta horietarik 30 maya hizkuntza familiakoak. Isaac solastatzen den mayak ez du dialektorik, toki guztietan berdin solastatzen omen da, beraz, kitxuerak ez bezala, ez du estandarizazioaren beharrik. Dena den, bertze hizkuntza minorizatuetan bezala, familian eta etxean solastatzen dira bakarrik beraien hizkuntzan, toki ofizialetan ez baita egiten ahal.
Maya hizkuntzan zerbait publikatu nahi izanez gero, espainola ondoan izatera behartuak daude, hau da, guzti-guztia elebiz egitera. Elebitasunaren tranpa aipatu zuen Isaacek, horrelakoetan, handiak ttipia jaten baitu. Elebitasun horren kontrako mugimendu sortu dute orain, mayaz bakarrik idaztearen aldekoa alegia.
Isaacen gisan maiaz solastatzen den laugarren kidea Alba dugu, baina kasu honetan Guatemalako maia kakchiquel komunitatekoa. Guatemalan 21 hizkuntza maia daude, Albarenak 500.000 hiztun ditu.
Beraien komunitatearen berri emateaz gain, beraiendako hizkuntza zer zen erraterakoan denak ados ziren, sustraia, odola... bizimodu bat azken finean.
Euskal Herrian egin duten hiru hilabeteko egonaldian ikusi eta ikasitako guztia beraiekin daramate Hego Ameriketarat, hemengo eredugarri baitzaie han: D eredua, euskararen aldeko besta, solasaldiak gure hizkuntzan, kartelak...