Jendez bete zen atzo Arizkunenean KALERA KALERA kanpainaren barnean antolatutako solasaldia. Emakumeei buruz arituko den LISIPE kolekzioaren barnean lehendabiziko liburua da Borroka armatua eta kartzela. Bertan emakumeen rola eta emakumeen irudiaz aritu ziren.
Oihana Etxebarrieta liburuaren egiletako bat eta Jone Lozano preso ohiak parte hartu zuten solasaldian eta biak galdera berarekin hasi zuten beren solasa: PRESO POLITIKOA erraten dugunean, zer dugu buruan? Gizona.
Oihana Etxebarrieta nazionalismoaren sorrerarekin hasi zuen bere solasaldia, Sabino Aranar deskribatzen zuen emakumearen rolak oraindik ere baduelakoz militantziaren gain eragina (zaintzailea, objetua subjetu beharrean, iritzirik gabekoa eta abar).
Ondotik emakumeen kartzelen argazki bat egin zuen, eta bertze gauzen artean emakume presoen zigor hirukoitza azaldu zuen: soziala ("ez duzu zure rola bete"), pertsonala ("hanka sartu dut, zergatik nago hemen?") eta presondegikoa (kartzelan azkenak dira: modulo txarrenetan, aisialdi aukera eskaxagoekin, formakuntza feminizatuak, zaintza zorrotzagoa eta abar). Laugarren zigorra aipatu zuen ere bai: preso politikoak izateagatik jasaten duten dispertsioa zorrotzagoa da emakume preso guttiago izatean aukera aise gehiago dutelakoz bakartzeko. Arantxa Zuluetaren kasua aipatu zuen.
Bikote harremanak aztertzen ditu liburuak eta bertze zenbait gauzen artean zaintza feminizatua dagoela erran zuen: gizon presoen bikotea emakumezkoa delarik, zaintza naturalizatua da eta emakume presoen gizonezko bikotea berriz goraipatua.
Jone Lozanok hitza hartu zuelarik Oihanak egindako argazkiari kolorea eman zuen bere bizipenak kontatuz. Frantziako kartzeletan lau urtez eman zituen Jonek, hoietako azkena bakartua. Liburuak emakume presoak erdigunerat ekartzea eskertu zuen, gaia mahai gaienan paratuz ikasteko aukera ematen duelakoz. Presoen irudi maskulinoaz aparte adina ere aipatu zuen, inoiz ez dugulakoz gazte irudikatzen.
Kartzelaren espazioaz eta aukeretaz aritu zen. "Espazio eskaxagoa izateaz aparte, kartzelaren barneko kartzela dela erraten dugu, pareta haundi batekin bereiztua dagoelakoz. Zuzendariarengana edo burokrazioako bertze edozein tramitea egiteko, aise ate gehiago gurutzatu behar du emakumezko batek gizonezkoak baino.
Aktibitateak eta formakuntzak arras feminizatuak daude ere bai: sukaldaritza, punto, estetika eta abar eskeintzen zizkiguten. Medikua, zerbitzuak, kantina eta abar aise murritzagoak genituen gizonenak baino.
24 orduz zaintzailea genuen, bulnerableagoak omen garelakoz eta aldi berean desioaren probokatzaileak. Etengabeko guttiespen sensazioa nuen kartzelan. Morala da gehien matxakatzne dutena: "zer ari zara hemen, zure lekua zure seme-alabak zaintzen da, ez zara emakume ona, ez zara ama ona, ez zara bikote ona..." Azken finean gurea ez da bakarrik arau haustea, bertze edozein presoena bezala, gurea "pekatua" ere bada. Neretako lobotomia saio bat izan zen kartzelaldia, ni reprogramatzeko saio bat.