Atzo eguerdian Baztango hainbat elkartek
eta udalak “Baztango agroekologia eskola herritarra” aurkeztu zuten. Elizondoko
Arizkunenean kultur etxean egindako agerraldian ekimen honen nondik norakoak
eta eskaintza aurkeztu zituzten. Joseba Otondo alkatearen erranetan urteetan bailarako
hainbat elkarteren ekimenak bateratu eta koordinatzearen emaitza da ekimena.
“Sakabanaturik diren ikastaroak eta indarrak elkartu eta elkarlanarekin gorago
dagoen, kualitatiboki desberdina den zerbaitean bihurtuz”. Alkatearen iritziz
“batasunak ikusgarritasuna ekartzen du eta eskola herritarrarekin oharkabean
pasatzen ziren hainbertze ekitaldiri bertze balioa ematen zaie. Oraingo krisi
ekonomiko, sozial eta kulturalaren testuinguruan geroari buruz moldatu behar
horretan, bertze eginahala”.
Ekimenean
parte hartu duten eragileak orotarikoak dira, aurten, Baztango Udala, EHNE,
Hazitik hozie, Lekarozko Legate elkartea, Anizko elkartea eta Jo ala Jo bildu
dira. Antolatzaileek jakinarazi dutenez
eragile bakoitzak ikusi du zer eta nola antolatu eta eragile bakoitza izanen da
bere ikastaroaren arduraduna. Modu berean, aurten koordinatu direnak elkarte
batzuk izanagatik, heldu den urtean, akaso, bertze batzuk izanen direla erran
dute.
Hazitik
hozieren izenean Mikel Sobrinok Baztanen gaur egun agroekologiaren ikuspegitik
lanean ari diren ekoizle desberdinak daudela erran du, bazkaleku komunalak
ekologikoan daudela, herritarren artean interesa gero eta handiago dela... eta
horregatik, Baztanek agroekologiaren bidean erreferentea izateko ahalmena
duela. Sobrinoren erranetan “horretarako, antolaketa eta elkarlana bulkatu
behar dira. Eta, egiten ari garenari ikuspegi estrategikoa eta eduki
ideologikoa eman. Baztango agroekologia eskola herritarrak horri erantzun nahi
dio eta, horretarako, aurkezten dugu" erran du.
Aurtengo
egitarauan bertzeak bertze: fruta-arbolen txerto ikastaroak, bazken aldizkatze
ikastaroa, eztigintza eta erlezaintzako hastapen ikastaroa, haziaren eguna,
sagardo eta sagar dastaketa… izanen dituzte.