BAZTANGO UDALAK IKASKETA AKABERAKO PROIEKTU ETA LANAK EGITEKO DEIALDI BERRIA EGIN DU

Baztango udalak bigarren urtez segidan Baztan ikergai duten ikasketa edo master akaberako proiektu edo lanak egiteko diru-laguntza deialdia egin du. Hala, aurkeztutakoen artean 500 euroko lau laguntza emanen ditu. Urtarrilaren 13ko Tokiko Gobernu Batzordean erabakia hartu zen eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzekin indarra hartuko du.

Deialdi honen helburua Baztango ikasleen artean Baztani eta Baztango etorkizunari buruzko kezka eta interesa piztea da eta beraiek egin beharreko lanak edo proiektuak, helburu horretarako egitea. Proiektuak eta lanak bakoitzaren ikasketa arlokoak izanen dira.

Iaz lehendabiziko deialdia egin zen eta onuradunak Alaitz Arretxea, Josune Berho eta Oinana Otxandorena izan ziren. Beren lanak hurrenez hurren: turismoari buruzkoa, XVII-XVIII. mendeetako goi-mailako etxe tipologiei buruzkoa eta mutil-dantzei buruzkoa.

Deialdian parte hartzeko ikasleek, eskariarekin, proiektuaren edo lanaren memoria aurkeztu beharko dute, gehienez lau orrikoa. Bertan helburuak, metodologia, iturriak, oinarrizko bibliografia… zehaztu beharko dira. Memoria honek ikasketa akaberako proiektu eta lanaren tutorearen ongi ikusia beharko du.

Aurkeztutako memoriak eta proposamenak helburu horrekin osaturiko batzordeak baloratuko ditu. Bertan Elizondoko lanbide eskolako zuzendaria, Lekarozko ikastetxeko zuzendaria, Cederna-Garalurreko teknikaria, Baztango alkatea eta udal idazkaria egonen dira. Batzordeak arloko adituekin kontsultak egiten ahalko ditu.

Eskariak aurkezteko epea Nafarroako aldizkari ofizialean argitaratu eta hilabete batekoa izanen da. Udaletxeko webgunean ere oinarriak eskuratzen ahalko dira eta edozein zalantzetarako, udaletxerat joaten ahal da.