Plazara Dantzara herri ekimenak aste hontan hasiko diren eta uda osoan izanen diren bestak bazterketarik gabekoak, parekideak, anitzak eta alaiak izan daitezela eskatu du prentsa ohar baten bidez:
Ez gara aspertuko tradizioak
maite ditugula errateaz, tradizio eta ohiturak mantendu nahi ditugula, eta ez
gara aspertuko errateaz etengabeko aldaketekin maite ditugula gure tradizioak
eta gure jendartea. Aldaketek biziraupena bermatzearen aldekoak izan behar
dute, etorkizuna eduki nahi badute. Tradizioek irautea nahi badugu, aldaketa
ezinbertzekoa da. Aldaketa baita aldaezina den gauza bakarra.
Hasi dira gure
herrietako bestak eta berriz ere herri guzia elkartuko da plazetan, karriketan,
ostatuetan, dantzaldietan… bestan azken finean. Urtea hausten duten bestek
elkartzen gaituzte herrian, elkarrekin gozatzeko. Zer da ba besta, hori baino?
Nola daiteke besta, denendako ez bada? Herritar guziendako ez bada?
Dantzak ditugu gure
kulturaren ezaugarri garrantzitsuenetakoa eta ongi pasatzeko ezinbertzeko.
Jendartearen ispilu eta bozgorailu izaten da, eta Euskal Herriko txoko guzietan
bezala, baztandarrek ere horrela erakusten dugu gure burua Baztanen eta
munduan. Baztan dantzaria da.
Mutildantzen
biziraupena nahi dugu, mutildantzak aldaketa horien lekukoa izan daitezela nahi
dugu. Denen artean erabakitzen dugu gure herriko plazetan nolako aldaketak eman
nahi ditugun: bazterketaren aitzinean isiltasun konplizea edo salaketa? Plaza
parekide eta anitzak bulkatu, edo indarkeria sexistaren oinarri diren zapalketa
baztertzaileekin segitu? Bazterketa edo elkartasuna? Aniztasuna edo elitismoa?
Zein da baztandarrek ispilurat begiratzen dugularik ikusi nahi dugun irudia?
Plazara Dantzaran argi dugu galdera
hauek erantzun bakarra dutela, eta urtero bezala plazak eta bestak parekideak,
anitzak, beteak eta alaiak nahi ditugula, nork ez? Herritarren hanka tarterat
begiratu gabe, aske dantzatzeko oztoporik ez duten plazak eta bestak nahi
ditugu. Dantzan gozatzeko plazak, epaiketa publikorik gabeko plazak, denendako
plazak.
Dantzatzeko tenorea
da, erabakitzeko tenorea da eta ispiluan begiratzeko tenorea da! Goza ditzagun
gure herrietako bestak, munduari eta gure buruari besta parekideak maite
ditugula erakutsiz.