ABELTEGIARI BURUZ SOLASTU DIRA OKUPATZAILEAK

Abeltegiko gazteek igorritako oharrean, argi agertzen dute okupazioaren prozesua eta aldarrikapenak:


(aditzeko HEMEN)


2017ko ekaineko egun bero bat, baino ez edozein. Ilunabarreko 20:00ak. Egun hartako ilunabarrak gure egunsentia irudikatuko du baina. Gazteak, urduri baino gogoz, urduri bai baino eginen duguna ongi dagoenaren konbentzimendu osoz aurrera.

Baztanen egun dugun eraikin handienetako bat, grisa. Bere areto eta gela bakoitza erabiltzeko irrikaz dago, negarrez zazpi urtetan begiratu ere ez diotelako egin. Paisaiaren parte bilakatu da. 5.4 milioiren truke eraikin hotz bezain hilotza. Eta egun batez gazte haiek elkartu eta eraikina kolorez eta lorez irudikatu zuten, haurrak jostetan, euskaraz ikasteko barnetegiak, landa eremuari buruzko egonaldiak, literaturaren uretan murgiltzeko ikastaroak … sukaldeko suak pizturik eta herri bat dantzan haren lorategian, baratza ere martxan irudikatu zuten. 

Eta zergatik ez? Egia, zergatik ez? Eginen dugu. Okupazioa, herritar aunitzendako hitz arrotza, bertzeendako ezaguna bezain urruna. 
                   
-Okupatuko dugu bai eta proiektu bat eginen dugu, posiblea dela sinesten dugulakoz. Posiblea dela badakigulakoz.

Sartu ginen bai eta etorri ziren piper berdeak… eta etorri ziren piper gorriak.

-Nafarroako Gobernuan partea eman beharko dugu!

Eta Nasubinsako lehendakariak ere ez zuen denborarik galdu Abeltegiarat bisita egiteko. Hura ere gu ezagutzeko gogoz omen zegoen. Eskaini genion kafea edo tea. Kanpoan gurasoak haurrekin loreak jartzen eta gazteak baratzeari sorrera ematen. Gure ametsak martxan dira.

Hartu du hitza Joxe Mari Ayerdik. Hartu du hitza eta ez diogu erdia ulertu, politikaria da eta ez du jendeak ulertzeko hitz egiten. Nahigabe seguru, ohituraren ohituraz. Herritarrekin zuzenean solastatzeko galdua duen ohituraren ohituraz. 

Gu argi solastatu gatzaio, herriak solastatzen duen gisa berera, ulertzeko moduan eta erran diogu gazteak garela. Eraikin hau ezin dela hutsik egon, negarrez aurkitu dugula zazpi urteko negar malkotan itota eta proiektu bat dugula. Hiru zutabetan banatzen den proiektu ederra bezain parte hartzailea. Herritik eta herriarendako pentsatua. Hemen bizi garelakoz, bizi nahi dugulakoz eta herriari hartu eta eman nahi diogulakoz. 

Hiru zutabe, barnetegiak, elkarrekin ikasteko, bizitzen ikasteko eta formaziorako gosez gaudelakoz. Landa eremuari buruzko zutabea, Baztango paisaia ulertu eta errespetatzeko egarri gaudelakoz eta aisia, geonek gure aisia kudeatu arte ez dugulakoz lo lasai eginen. Negarrez dagoen eraikina zaindu nahi dugula, gastuak ordaintzeko prest gaudela, mantenua gure esku uzteko, gaixotzen delarik sendatu nahi dugula. Gure egarri eta goseak asetzen dituelakoz eta lo lasai egiten laguntzen digulakoz maite dugula erran diogu.

Aspacek tarteka erabili nahi duela erran digu. Diru laguntzaren bat lortu duela eta posiblea dela asteburu bakarren bat edo aste batzuez erabili behar izatea. Baino ez dute deus segurtatua… kea.´Guk, kearen gibelean sua egoten delakoz pozaren pozez hartu dugu berria. Beraiek eraikina behar badute lagunduko diegu, elkar elikatuko dugu, bateragarria da. Aspace etortzea nahi dugu.

Kogestio bat proposatu diogu.

-koge… what? Joxe Mariri bekainak makurtu zaizkio. -zuen proiektua bikaina da- erran du. Baina nola azalduko diogu Nafarroako jendarteari okupek herriarendako eta herritik lan egin nahi dutela? nola?

Gure erantzuna berriz hau izan da:

-kogestioa Joxe Mari, kogestioa. Nafarroako Gobernuak dituen etxebizitza huts guztien “kongestioa” libratzeko kogestioa. Ez gara ezer asmatzen ari, adibideak daude, posiblea da.

Eta zuk Joxe Mari? eta zuk Nafarroako gobernua? Nola azaltzen ahal diozu Nafar jendarteari zazpi urtez horrelako eraikin puska hutsik eduki duzuela eta orain Aspacek aste bakan batzuetan erabiltzeko beharra duelako dena pikutarat igorriko duzula?gure proiektua eta Aspaceren beharrak, politiko bezala solastatzen jarraitu nahi duzuelakoz… herritarrengana hurbiltzeko beldur zaretelakoz.

Guk ausardia eskatu diogu, ilusioa, adibide izan gaitezkeela. Bera pentsakor joan da.

Gaur hemen gaude, Abeltegian lanetik atera eta ilusio biziz etxeratzen gara gaurgero irriz ajataka dagoen eraikin honetara. Kudeatzeko prest gaude, elkarteekin solastatzen, honek duen potentzialari bide emateko gogoz. Erreferentzia izan nahi dugu esperientzia berri bat sortuz, beldurtuz, gozatuaz, eroriz eta berriz goratuz.


Proiektu serio bat aurkeztu bitartean ez gara hemendik joango. Epailearen sententzia iluna etortzean gu alaiki aterako gara, eraikinaren irriñoa gibelean utzita. Egin duguna ongi dagoenaren konbentzimendu osoaz.