Palacio
de Aroztegiak Baztango udal gobernuaren kontrako jazarpen judizialean urrats
berria eman du. Oraingoan Tokiko Gobernu Batzordea osatzen duten EH Bildu eta
Ezkerrako bortz hautetsien kontra prebarikazio eta diru-publikoaren erabilera
makurragatik salaketa paratuz. Zergatik? Ekainaren hasieran Elizondoko plaza
Aroztegiako Komantxeei Aroztegiako proiektu urbanistikoaren kontrako kanpaldia
egiteko uzteagatik eta horretarako argia emateagatik.
Baztandar
guztiek dakiten bezala, Baztango Udalak Tokiko Gobernu Batzordearen erabakien
bidez plaza eta plazako argia zernahi ekitaldi eta hitzordurako uzten ditu:
negu sasoian igandearekin egiten diren bailableetarako, bigarren eskuko
azoketarako, artisauen ferietarako, esne sektorearen egoera salatzeko manifestazio
akaberako ekitaldirako, Blues elkartearen kontzertuetarako, erlijio
ebangelistako fededunen bilkuretarako, errege-kabalgatarako, Elizondoko
herriari bestetarako… Eta, bistan denez, Aroztegiako proiektu urbanistikoaren
sustatzaileek proiektuaren aldeko herritarrek plazan zerbait egin nahiko balute,
baimena izanen lukete. Izan ere, herritar ororen esku jartzen ditugu espazio
eta plaza publikoak, bereizkeriarik gabe.
Hasieran
erran dugunez, oraingo salaketa enpresak Baztango ordezkari instituzionalen
kontra abiatu duen jazarpen edo pertsekuzio judizialaren pausu berria da. Hasteko
Garbiñe Elizegi lehengo legealdiko alkatearen kontra “pelotazo urbanistiko”
errateagatik salaketa paratu zuten; ondotik, oraingo alkatearen eta Elizegiren
kontra prebarikazio salaketa eta, azkena, Tokiko Gobernu Batzordeko EH Bildu
eta Ezkerrako bortz hautetsien kontrakoa.
Palacio
de Aroztegiak bere interes ekonomikoetarat makurtzen diren ordezkariak eta instituzioak
nahi ditu. Baina baztandarrak eta, bistan gu, botere ekonomikoetatik
independienteak gara eta botere ekonomikoetatik independienteak diren
instituzioak nahi eta defenditzen ditugu. Instituzio publikoak herritarrek
emandako legitimitate demokratikoan oinarritu behar dira.
Modu
berean, autonomia munizipalaren defentsa sutsua egiten segitu nahi dugu,
oraingoan herriko espazio publikoen erabilera baimentzeari buruz.
Instituzio
publikoen autonomia aldarrikatzen dugu SICAV funtsetan diruak gordetzen
dituzten promotoreen aitzinean edo Fuerteventurako La Olivako desastre
urbanistikoaren arduradun izan diren promotoreen aitzinean; hau da, orain
Aroztegiako promotoreak direnen aitzinean.
Palacio
de Aroztegiako promotoreak afera guzti honetan Baztango erakundeen gainetik
pasatu nahi dute. Horretarako udal
agintarien kontra judizialki jo dute, oraingoan, Tokiko Gobernuko ordezkarien
kontra. eta plazaren erabileraren udal eskumenaren kontra. Palacio de
Aroztegiak garbi izan behar du botere ekonomikoak ez dituela herritarren
ordezkariak diren hautetsiak menpean hartzen ahal; eta ez gaituztela menpean
hartuko.
Akaso
Palacio de Aroztegiak eman behar al du baztandarrek plaza erabiltzeko baimena?
Akaso
Palacio de Aroztegiak plazan musika izateko argiaren erabilera arautuko du?
Hemen
gaudenok udalaren autonomia eta
hirigintza eskumenen alde eta, bistan dena, herritarren behar eta
adierazpenerako espazio eta plaza irekien alde jarraituko dugu, nahi duen edo
eskatzen duen edozein baztandarrek erabiltzeko aukera izan dezan. Horregatik salatu gaituzte.