Kataluniako
burujabetza prozesuari buruz aritzeko asteazken gauean Elizondoko Arizkunenea kultur
etxean mahai-ingurua egin zen. Baztango Sortuk antolatuta Josep Casafont CUPeko
Navàseko alkaterordea eta Pernando Barrena Sortuko kidea “Zer gertatzen ari da
Katalunian? Eta zer Euskal Herrian?” gaia ardatz hartuta elean aritu
ziren. Casafontek Espainikako Estatuak
konstituzioaren 155. artikulua ezartzeko hartutako erabakiari buruz eta horren
aitzinean Kataluniako gobernuak independentzia aldarrikatuz erantzunen ote dion
ez zuen argitu ahal izan. Erabakia Puigdemont Kataluniako president-aren
ingurune hurbilenak hartuko duela nabarmendu eta salatu zuen. Nolanahi ere,
Navàseko hautetsiak aukera bakarra independentziaren aldarrikapena dela argi
eta garbi utzi zuen, Europa mugitzekotan, ondotik bakarrik mugituko dela. Bertzalde,
prozesuaren izaera herritarra azpimarratu zuen eta Estatuak 155. artikulua
abiaraziz gero herritarren desobedientzia orokorrarekin erantzunen diotela.
Bertzalde Casafontek Urriaren 1eko galdeketa urrats kualitatiboa izan zela
azpimarratu zuen, herritarren erantzunak Espainiako estatuaren oldarraldia eta
Puigdemont Kataluniako lehendakariaren PdCat alderdiaren barnean egon zitezkeen
joku bikoitzak gainezkatu baitzituen.
Bertzalde,
Pernando Barrenak Kataluniako prozesuak Euskal Herriari buruz aukera lehioa
irekitzen duela erran zuen. Espainiako Estatuaren aldetik inboluzioa
aurreikusten dela eta EAE eta Nafarroako autonomien oinarrian dauden kontzertu
eta itun ekonomikoa kinkan daudela. Barrenaren iritziz, horrek, EAJ bezala
autonomismoan kokatzen diren Euskal Herriko indar politikoak hautu berria
egitera behartzen ahal ditu eta, hortik, burujabetzaren aldeko gehiengo sozial
zabala antolatzen ahalko litzatekeela. Ildo horretan, ezkerreko soberanismoaren
lana espazio autonomista hori aldiro galdezkatzea eta hautabide berria egitera
behartzea dela aipatu zuen, ez baita ulertzen ahal Kataluniari buruz PP eta
PSOE jokatzen ari diren bezala jokatuta EAJ beraiekin segitzea.
Bai Casafontek
baita Barrenak ere Katalunia eta Euskal Herriaren burujabetza herritar arrunten
bizi baldintzak hobetzeko aukera direla aipatu zuten, Estatu justuago eta
demokratioagoak eraikitzeko aukerak.
Mahai-inguruan
Mireia Boia CUPeko parlamentariak parte hartuko zuela iragarria bazegoen ere,
egun hauetako Kataluniako parlamentuko agendarengatik ez zen etorri ahal izan
eta bere ordez Casafont aritu zen. Betiere, saioa akitu baino lehen
CaixaBanketik sosak ateratzeko abiatu den ekimenari buruz aritzeko azaroaren
6an Elizondoko Arizkunenean atsaldeko 7:30tan bilkura irekia eginen dela
jakinarazi zuten.