Udalean onartutako adierazpen instituzionala:
Dagoeneko 18 urte igaro dira Nazio Batuen
Batzar Orokorrak feministen aldarrikapen bat bere egin zuenetik; aldarrikapen
horretan emakumeen kontrako indarkeria ikusarazteko eta gaitzesteko egun bat
ezartzea eskatzen zen , eta horren bidez gobernuei, instituzio publikoei,
nazioarteko erakundeei eta gizarte zibilari hausnarketa egin eta konpromisoak
hartzeko gonbidapena egiten zitzaien.
18 urte hauetan, azaroaren 25ero, indarkeria
matxistaren egiturazko izaera nabarmendu dugu, horixe baita emakumeenganako
menderatze harreman asimetrikoen adierazpenetako bat, zeinaren gainean
patriarkatua eraikitzen den. Azaroaren
25 bakoitzean munduko leku guztietan emakume eta neska izate soilagatik
emakumeek eta neskek aurre egin behar izaten dioten indarkeria mota eta
adierazpen anitzak ikusarazi nahi izan ditugu, indarkeria hori gertatzen den
esparru horiek guztiak identifikatu eta haietan sakondu dugu, eta indarkeria
hori deuseztatzeko baliabideak eta neurri espezifikoak exijitu ditugu.
2017an, Europar Batasuna errefuxiatuak
birkokatzeko ezarritako eguna igaro berri den honetan, saihestezina zaigu
emakume eta neska errefuxiatuek jasaten duten indarkeria espezifikoari
erreparatzea. Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak sortzen eta
birsortzen dituen egitura patriarkalarekin berarekin lotzeari utzi gabe,
indarkeria hori are larriagoa da neska eta emakume errefuxiatuak bizitzen ari
diren zaurgarritasun handiko egoeretan.
Genero desberdintasunak gure garaiko giza eskubideen urraketa
iraunkorrenetako bat izanik, gerra eta gatazka armatuko testuinguruetan
desberdintasun horien ondorioak onartezin bihurtzen dira nazioarteko
komunitatearen iritziz.
Azken urteetan, gero eta handiagoa da
Europara iristen diren emakume eta neska errefuxiatuen portzentajea, eta haien
baldintzak eta errealitateak gertuagotik ikusten ditugunez, presenteago egon
beharko lirateke administrazio guztien agenda politikoetan ere bai. Jakin badakigu neska edo emakume izatearen
ondorioz zaurgarritasun maila gero eta azkarrago igotzen dela haien herrietan,
leku batetik bestera mugitzen direnean eta iristen diren herrietan, menderatze
patriarkalaren sistema indartu egiten dela militarizazio testuinguruetan, eta,
beraz, desberdintasunak are sakonagoak izaten direla egoera horietan. Neska eta emakume errefuxiatuek honako egoera
latzak pairatzeko arriskua izaten dute: sexu indarkeria, oinarrizko
zerbitzuetarako sarbidearen ukazioa (hala nola osasun eta hezkuntza
zerbitzuetara) gizarte bazterketa, ezkontza behartuak, haurduntza goiztiarra,
sexu edo lan esplotaziorako salerosketa sareetan harrapatuak izatea, eta abar.
Errealitate honen aurrean, neska eta emakume
guztiei aukera berdintasuna eskaini eta bermatzeko betebehar legal, politiko
eta etikoari erantzuteko beharra eta premia dugu, zernahi ere den haien
jatorria eta egoera.
Hori guztia dela
eta, modu kolektiboan, toki administrazioek ADIERAZTEN DUGU:
GURE GAITZEZPENA emakumeek edozein esparru
eta testuingurutan pairatzen dituzten diskriminazioen ondoriozko sexu
indarkeria mota guztien aurrean.
GURE KONPROMISOA, administrazio publiko garen
aldetik, aktiboki lan egiten jarraitzeko emakume eta nesken kontrako
zaurgarritasun eta indarkeria egoerek sortzen dituzten desberdintasun guztien
aurka.
GURE EXIJENTZIA Europar Batasunean asiloa
eskatu duten emakume errefuxiatuen egoerari buruzko ebazpena bete dezaten;
ebazpena aurtengo martxoaren 8an bozkatu zen, eta haren bidez adierazten da
genero indarkeriaren kontrako estrategia integratuak aplikatu behar direla,
emakumeak inskribatu eta dokumentatu behar direla modu indibidualean haien
segurtasuna eta autonomia bermatzeko, eta EBn asiloa lortzeko jazarpen eta
motibo bailagarri gisa aitortu behar direla,besteak beste, sexu eta genero indarkeria,
emakumezkoen mutilazio genitala, neska edo emakumeen salerosketa, ezkontza
behartuak, ohorezko krimenak, estatuek babesten duten sexu diskriminazioa, hori
guztia giza baliabide eta bitarteko material egokiekin.
GURE ELKARTASUNA
erasorik jasan duten edo eraildako emakumeekin eta sexu indarkeriari aurre
egiten dioten emakume eta neskekin.
ETA HERRITAR GUZTIEI HONAKO GONBIDAPENA EGITEN
DIEGU: emakumeen kontrako indarkeria gaitzesten eta hura deuseztatzeko
konpromisoa adierazten jarrai dezaten, baita patriarkatuaren kontrol mota
guztiak eta emakumeei haien askatasuna eta autonomia erabiltzen eragozten
dieten muga eta baldintza guztiak salatzeko konpromisoa ere, eta azaroaren 24ean 12:00etan Elizondoko Foruen plazan egingo
dugun elkarretaratzean parte hartzera.
Soilik horrela egin ahalko dugu aurrera
gizarte iraunkor, demokratiko, bidezko eta berdinzaleago baten alde eta
komunitate solidarioago eta bizitzeko egokiago baten alde.