Abenduaren 28an
egin zen ohiko osoko bilkuran nazioartean harat-honat zama garraioan ibiltzen
diren kamioiek N-121-A errepidean sortzen duten arriskua ttipitzeko Nafarroako
Gobernuari aukerak aztertzeko eskaera egitea erabaki zuen Baztango Udalak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Etxegaraten arkupeko bidesaria paratzea erabaki
ondotik N-121-A errepidean kamioien joan-etorria %25 handitzen ahal dela
aurrikusi da eta, horrek, gaurgero arrisku handia duen errepidean arrisku
gehiago ekarriko du. Horregatik, EH Bilduren Baztango udal taldeak “eskualdea
helburu ez duen nazioarteko zama garraioa mugatzeko azterketa egitea eta
dagozkion neurriak hartzeko” Nafarroako Gobernuari zuzenduriko mozioa aurkeztu
zuen udalean. Mozioak EH Bilduren, Baztango Ezkerraren eta Geroa Bairen aldeko
bederatzi bozka izan zituen. UPNk eta Baztan Auzolaneanek abstentziorat jo
zuten.