Orain ehun urte Errusian egindako iraultza boltxebikearen
ikasgaietaz aritzeko, ortziral atsean Elizondoko gaztetxean mintzaldia egin
zuten. Iraitz Agirre eta Eneko Compains historiaren bilakaera errotik aldatuko
zuen gertakariaz aritu ziren; Agirre ikuspegi feministatik eta Compains Euskal
Herriko jokaleku politikorako gakoak eskainiz. Compainsek, bereziki, ezkerraren
barnean gai hauei buruz izaten den garbizalekeriaz ohartarazi nahi izan zuen,
eta oroitarazi, iraultza herriek egiten dutela, ez lau katuk. Horregatik, gehiengo
herritarrak artikulatzeko gaitasunaren balioa azpimarratu zuen.
Hori erranik,
Leninek berak, iraultza boltxebikea sustatzeko Marxen idatziak eta ekarpen
teorikoak, errealitatea eraldatzeko baliagarriak ziren neurrian erabili zituela
erran zuen, ez dogma aldaezin bezala. Horren haritik, Lenindako egia beti
zehatza zela aipatu zuen, eta horregatik, inguratzen gaituen errealitatea
zorrotz aztertu behar dela. Leninen kasuan horren adibide aipagarrienetakoa
“Zer egin?” liburua litzateke. Compainsen erranetan boltxebikeen bertze
ikasgaietako bat “iraultza ez dela zerutik
etortzen” litzateke, hau da eguneroko lan militantearekin elikatu behar
dela, mikropolitika iraultzailea bultzatuz, eredu sozial, ekonomiko eta
politiko desberdin bati buruz proiektu txiki, zehatz eta egingarrien bidez;
hortik, jauzi handietarako, makropolitika iraultzailerako aukerak sortuko baitira.
Iraultza boltxebikearen aitzineko hamarkadetan Errusia osoan gisa guztietako egitasmoak
zeuden: herri ttikiak gobernatzen zituzten sobietak barne. Halaber, iraultzak
emateko momentua aprobetxatzen jakin behar dela erran zuen, baldintza
objektiboak ez direla aski, ausardia ere behar dela. Leninek hori bera egin
zuen 1917ko urrian Petrograden Errusia guztiko Sobietetako ordezkariak bildurik
zirela gobernu burgesa kendu eta botere guztia sobietei eman ziotelarik.
Halaber, politika ezinezkoaren artea dela erran zuen, eta historia herriek
egiten dutela. Modu berean, Ezkerrak demokrazia birpentsatu behar duela erran
zuen, demokrazia burges kapitalistak balio ez duelako. Gisa horretan,
boltxebikeek Sobieten bidez instituzionalizazio berri bat egituratu zutela
oroitarazi zuen, botere politiko eta ekonomikoa langileen, nekazarien eta
soldaduen ordezkarien eskuetan utziz. Akitzeko, iraultza boltxebikea gertatu eta
berehala mendebaldeko potentzia kapitalisten oldarrialdiari eutsi behar izan
ziotela erran zuen, eta horregatik, ezkerra nazioartean antolatzea
beharrezkoa dela argudiatu. Gaur egun
botere ekonomiko-finantzieroak mundu mailakoak dira eta horiei jokatzekotan
ezkerrak ere estrategia internazionalak behar dituela.
Iraitz Agirrek, bertzalde, ikuspegi feministatik iraultza
boltxebikearen ekarpena zein izan zen aztertu zuen. Hasteko, 1917ko urriko
iraultzaren aitzindaria urte bereko- egutegi julianoaren arabera- otsailaren
23ko grebak izan zirela erran zuen, martxoaren 8a mendebaldeko egutegian. I. mundu
gerraren erdian, gizonak frontean zirela eta emazteki eta haurrak fabriketan hamar
orduko lan aldietan jo eta su lanean, pobrezia eta gosea alde guztietan, “ogia
eta bakea” eskatuz milaka emaztekik greba hasi zutela, egun guttiren bururako
Tsarraren abdikatzea ekarriko zuena.
Ildo horretan urriko iraultza ematerakoan, sobieten gobernu berriak
abenduaren hamaseian argitaratutako “emakumeen emantzipaziorako dekretua”
aipatu zuen: etxeko lanak sozializatzeko baliabideak paratzen zituen (haur
eskolak, jangela komunitarioak…), soldatapeko lanerako aukera irekitzen zuen,
familia burgesaren desagerpena bulkatzen, batasun librea baimentzen… Horren haritik 1918an familia-kode
berria idatziko zuten, historiako aitzinatuena. Horretan ezkontza zibilak,
dibortzio eskubidea, homosexualitatearen despenalizazioa, seme-alaba legitimo
eta ez legitimoen parekatzea, amatasunari babesa, abortu eskubidea, etxeko lan
komunitarioak… ezarri eta onartzen ziren. Nolanahi ere 1936an onartuko zen
familia kode berriak gibelerat pausua ekarriko zuen eta ordure artio emadako
pausu aunitz trabatuko.