Urte batzuk dira Baztanen Haziaren eguna egiten dena,
azkeneko hiruetan gainera, herriz herri aldizkatuz. Horrela, aurtengoa Zigan
egin dute, larunbatean; Zigako Herriaren
eta Hazitik Hozie elkartearen artean hain zuzen. Herriko frontoian hazien
trukerako mahaiak paratu zituzten eta herriko haziak eta bertze herrietatik
etorritakoenak trukatu ahal izan zituzten:
ilarra, artoa, kalabaza, eguzkilorea…
Ondotik eskolan egin zen mintzaldian Jakoba Errekondok aipatu bezala
haziak ura ekarritakoak izan behar dute, hau da, goragotik etorri behar dute,
toki zailagoetakoak, ondotik aisago emanen baitute. Horrela, Beartzunen 450 metrotan egindako eta hazien trukerat
ekarritako artolandako arto haziak bereziki aipatu zituzten.
Gainerakoan
Errekondoren eleketaldian ilargiaren eraginaz aritu ziren, txertaketaz, lurra
iraultzeaz e.a. Akaberan Glisofato eta Rondup bezalako herbizidetaz mintzatu ziren. Errekondok aipatu
zuenez minbizia sortzen duten pozoiak dira eta herbizida horiek erretako
bazterretako maraguri eta mazukreak ez jateko ohartarazi zuen.
Aurtengo Haziaren Eguna Baztango Agroekologia Eskola
Herritarraren egitarauaren barnean egin da eta ondoko asteetan bertze bi
hitzordu izanen dira. Martxoaren 22an Glisofatoa-Rondup: inguruaren pozoiketa
eta jendeen minbizia mintzaldia izanen da, EHNE sindikatuko Paul Bengoa
teknikariaren eskutik. Eta Martxoaren 24an bertako zuhaitz espezie eta
barietateak ezagutzeko ibilaldia eginen dute Berroetan, Xabier Zabaleta
gidariarekin.