II. (H)ILBELTZA BEKA AURKEZTU DUTE: Patricia Highsmithen The Blunderer liburuaren itzulpena


Gaur, Baztango udaletxean, Joseba Otondo alkateak, Maitane Maritorena (H)Ilbeltzako kideak eta Mikel Soto Txalapartako editoreak II. (H)ILBELTZA BEKA aurkeztu dute. Baztango Udalak eta (H)ilbeltza elkarteak Txalaparta argitaletxearen laguntzarekin sortu zuen beka hau, euskal literatura beltza hedatzeko eta munduko literatura beltza euskaratzeko.

Joseba Otondo Baztango alkateak hitz egin du lehendabizi eta Baztan Euskal Herriko kultura-mapan kokatu nahi dela eta hori eragile gisa egin nahi duela nabarmendu du. Gogora ekarri du aitzineko urtean aurkeztu zutela beka eta Miel Anjel Elustondo azpeitiarrak irabazitako lehen beka hark sorkuntza sustatu nahi zuela. Aurtengoak berriz, itzulpena bultzatu nahi du bistatik galdu gabe itzulpenak ere baduela sorkuntzatik.

Maitane Maritorena (H)ilbeltzako kideak ere gai horri heldu dio eta zera nabarmendu du: Joan den urtean hasi genuen bideari jarraituko diogu aurten ere. Sormenera ez ezik, itzulpenari ere ateak irekitzea da gure nahia, aukera ederra iduritzen baitzaigu mundu zabalan dauden nobela beltz interesgarriak gure hizkuntzan, euskaraz, leitzea. Berak iragarri du Patricia Highshmith idazle estatubatuarraren The Blunderer liburua itzultzea izango dela aurtengo bekaren xedea.

            Mikel Soto Txalapartako editoreak azaldu du Higshmith hautatu izanaren arrazoia eta garrantzia. Idazle honek literatura beltzean izan duen eragina nabarmendu du eta itzulpen beka emakume batekin abiatu nahia gaineratu du, horretarako Higsmith aukerarik onena zela iritzita. Idazle estatubatuarrari buruz esan ohi dena gogora ekarri du: Higshmithek gizakiei buruz idazten du armiarma batek intsektuei buruz hitz egingo lukeen bezala.

Nerabezaroan irakurritako Hontzaren garrasia eleberriak harengan utzitako arrasto sakona ere aipatu du Txalapartako editoreak. Higsmithen pertsonaiarik ezagunena ere hizpidera ekarri du: Tom Ripley. Eta, horren harira, euskaraz argitaratu diren lanak aletu ditu: Ripleyren jokoa eta Ripley trebea eleberriak euskaratuak dituzte Maria Garikanok eta Asun Garikanok; Igela argitaletxeak kaleratu zituen 1995 eta 1999an. Horiez gain, Koro Navarrok Poliki, poliki haizetan narrazio bilduma euskaratu zuen 1988an, Elkar argitaletxearen eskutik.
Parte hartu nahi dutenek The Blunderer lanaren 29. atala itzuli beharko dute.

Bekan parte hartu nahi duten itzultzaileek, beraz, Patricia Highsmithen aipatutako eleberriaren lagin bat itzuli beharko dute, zehazki 29. atala. Atal hori eskuragarri egonen da www.ilbeltza.eus eta baztan.eus web gunean.

Lanak aurkezteko epea 2018ko ekainaren 21a da eta, aurreko urtean bezala, Baztango Udaleko erregistroan aurkeztu beharko dituzte parte-hartzaileek itzulpen laginak.

Epaimahaiak, jasotako proiektu guztiak aztertuko ditu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2018ko irailaren 15a baino lehen. Aurtengo epaimahaia Joseba Otondo Baztango alkateak, Mikel Soto Txalapartako editoreak eta Miel Anjel Elustondo, aurreko urteko irabazleak osatuko dute.

Lagin irabazleari 3.000 € emanen zaizkio hasiera batean (2018ko irailean) eta itzulpena amaitzerakoan beste 2.000 €. 2020ko abenduan argitaratuko du Txalaparta argitaletxeak.

Euskal Herriko itzultzaile eta idazleak parte hartzera gonbidatu dituzte eta aurreko urteko bekaren irabazleak saria jasotakoan esan bezala, “datorrena datorrela beltza”.