Ortzegun
ilunabarrean pentsioei buruzko hitzaldia antolatu zuen EH Bilduk Baztanen.
Elizondoko Arizkunenearat bildutakoen aitzinean Maiorga Ramirez EH Bilduren Nafarroako
parlamentariak eta Patxi Urrutiak EH Bilduko kideak herritar guztien duintasuna
eta eskubideak bermatzeko 1080 euroko guttieneko pentsioak aldarrikatu
zituzten.
Ezkerreko
subiranisten koalizioaren izenean Patxi Urrutiak pentsioei buruzko gogoeta egin
zuen, bereziki nabarmenduz pentsioetarako dirua egon badagoela. Amaiurtarraren
erranetan boteredunek pentsioetarako diru aski ez dagoela sinitsarazi nahi dute
baina hori gezurra da. Bankuak erreskatatzeko, azpiegitura handietarako eta
ejerzitoetarako zernahi diru erabiltzen baita. Beraz, noren alde egin nahi den
da kontua, jendeen alde edo negoziozaleen alde.
Maiorga Ramirezek
pentsio sistema pribatizatzeko abiatu den dinamika politiko eta ekonomikoa
salatu zuen. Horren aitzinean EH Bilduk pentsio sistema publikoa defenditzen
duela erran zuen, herritar guztiei duintasuna bermatuko diena. Horretarako
Nafarroak pentsioak kudeatzeko eskumena behar duela erran zuen. Herritarren
eskubide sozialak segurtatzeko bidea burujabetza dela aldarrikatu zuen. Modu
berean, pentsio publikoak aurrekontu orokorrekin finantziatzearen alde egin
zuen.
Mintzaldiaren
ondotik izandako eztabaidan,bertaratutako batek oraingo pentsio sisteman
emaztekiek bizi duten bazterketa salatu zuen. Emazteki aunitzek pobrezia
mailaren azpitik dagoen pentsioa izaten dutela eta, gainerakoan, gizonkiek eta
emaztekiek banaz bertze hartzen duten pentsioen artean alimaleko tartea
dagoela. Tarte hori berdindu behar dela erran zuen denendako pentsio justuak
segurtatuz.