AHT-ren ESLEIPENA ESPAINAIKO PPren B KONTABILITATEA ERAMATEN ZUENARI: AZVI ENPRESA

Peralta eta Erriberri arteko PHT-ren eraikuntzaren esleipena dela eta:


2018ko maiatzean gaude, eta dagoeneko jaso dugu berria: Adifek (Sustapen Ministeriopean dagoen tren-azpiegituren enpresa kudeatzailea) Peralta eta Erriberri arteko Abiadura Handiko Trena (AHT/PHT)-ren plataformaren eraikuntza esleitu du.

10,3 kilometroko zati honek 29,3 miloi euroko kostua du, dena diru publikoa delarik. Diru publiko honen xahuketa bakarrik da plataforma bat egiteko (lur mugimendua, zubibideak, drainatze eta berritze lanak…). Geroxeago, eta oraindik jakin gabe noiz, plataformaren gainean bestelako lanak egin beharko dira trenbideak jartzeko, diru publiko gehiagoren kontura, jakina.

Duela gutxi oraingo Nafarroako Gobernuak Sustapen Ministerioari bidali dio ingeniaritza proiektua, non obra teknikoki xedatzen den, nahiz eta esan “AHTko Hitzarmena hautsita zegoela”. AHT-ren Proiektu honetan planteatzen da plataforma bat 330 km/orduko trenetarako, Tafallan inola ere geldituko ez direnak. Zati honek eta esleipen honek zuzen- zuzenean eramanen gaituzte Etxebakoitzeko AHT-aren geltokira.

Obra hau AZVI enpresari esleitu omen zaio. Espainiako historia ezagutzen ez duenarentzat, esan beharra dago enpresa hau agertzen dela Alderdi Popularraren B kontabilitatean diru-emaileen artean, PPko diruzaina Luis Barcenasen paperetan ikusi bezala, Rajoyren mezuak jasotzen zituena adorez ibiltzeko.

UDEF Delitu Ekonomikoen poliziaren arabera, enpresa multzo batek 12.000 miloi euro jaso zituen administrazio publikoek esleitutako kontratuen bidez, 2011 eta 2012 bitartean. Izenak izen, Prestazio Handiko Trena edo Abiadura Handiko Trena edo Espainar Abiadura Handiak, “tren ezin modernoago honek” aurrerapena ekarriko digu Nafarroara. Tamalez, Peralta eta Erriberri arteko AHTren esleipena oharkabean pasarazi nahi izan digute, ikus eta ikas ez dezagun gure begien aurrean gertatzen ari denetik.

Peralta eta Erriberri aldera, zer da garestiagoa eta xahutzaileagoa, Prestazio Handiko Trena edo Abiadura Handiko Trena? Denborak bakoitza bere tokian jarriko du.