IRURITAKO ESKOLAN BARATZE HEZITZAILEA MARTXAN


Joan den ortziralean egin zuten eskolako baratze hezitzailearen inaugurazio ekitaldia ikasle, irakasle eta Baztango Udaleko teknikariek.

Gure inguruan gaiak duen garrantzia ikusirik eta baratzaren zuzeneko lanketa hezkuntza sisteman txertatzearen beharraz oharturik abiatu dute ekimena Iruritako eskolako ikasle eta irakasleek.

Eremua moldatu ondoren, hondakinak murriztuz berrerabilitako materialekin eginiko txorimalo edo mukuak jarriak zituzten inaugurazio ekitaldirako. Mukuek hondakinen murrizpenaz, berrerabilpenaz eta birziklapenaz aritzeko aukera eman zien. 


Elikadura osasuntsua, garaian garaiko produktuen ekoizpena eta kontsumoa, lurraren lanketa, baratzeko lanabesak, ariketa fisikoa eta hondakinen kudeaketa bezalako gaiak lantzeko aukera ematen du baratzeak eta guzti hau gelatik kanpo, mugimenduan eta naturarekin harreman zuzenean. Zer gehiago eska daiteke? Baztanek lurra lantzeko aukera aunitz eskeintzen ditu eta haurretatik honen inguruko ohitura eta ezagutzak jasotzea garrantzitsua jo dute Iruritan.

Eskolan sorturiko hondakin organikoak eskola ondoko auzo konpostagunean tratatu ondoren bertako azken produktua, konposta, erabili dute baratza elikatzeko. Inaugurazio ekitaldian konpost hori ikusi, bahetu eta lurrari gehituz, denen artean landaketetarako prest utzi zuten baratzea.

Ekimen polita benetan! Animo eta uzta on!