N121A
SEGURTASUNA. Belateko bide zaharrean barna nazioarteko kamioiak pasatzen ez
utzi.
Eskakizuna
sinplea da. N121A errepidean gaur egun egunero 8000 ibilgailutik goiti ibiltzen
dira, ia 9000. Horietarik 3800 ibilgailu astunak.
Belateko tunelak
hetsiz gero, Belateko bide zaharrak joan-etorri hori guztia ez du jasaten ahal,
ezinezkoa da. Horregatik, Nafarroako Gobernuari behin eta berriz nazioarteko
zama garraioren pasa debekatzeko eskatu diogu.
Belateko
tuneletatik 3800 ibilgailu astun ibiltzen badira, horietarik %66 pasakoak dira;
ez dira gure inguruetarat etortzen. Segurtasunarengatik, bertze nonbaitetik
joanaraztea beharrezkoa da.
2000. urtean,
Belateko tunelak ireki zituztelarik banaz bertze egunero ia 800 kamioi ibiltzen
ziren. Orain, 3.800. 3.800! Norbaitek
uste du Belateko bide zaharrak hori jasaten ahal duela? Herritarrek badakigu
ezetz!
Gure eskakizuna
ez da erokeria. Lehenago Gironan N2an egin zuten eta, orain gutti, Errioxan
N232an. Egingarria da. Horretarako
borondatea izanez gero bederen.
N121A errepidean
egunero inguruetako jendeketa gorra harat-honat mugitzen da: lana, ikasketak,
medikua, zerbitzuak… eta bertze gisakoak direla-eta. Errepide horretan
segurtasunez ibili nahi dugu eta gure ingurukoengatik kezkarik eduki behar ez
izan. Ez bederen, bertze tokietan baino gehiago.
Erabateko
segurtasunik ez dagoela jakin badakigu. Eta, hori, doike, halabeharrez onartzen
dugu. Onartzen ez duguna da alferreko arriskua sorrarazi dezaketen egoerak
baimentzea da. Badakigu, hortaz, Belateko bide zaharra pasako kamioiei hesteak
ez duela erabateko segurtasunik ekarriko; baina onartzen ez duguna da alferreko
arriskua baimentzea nazioarteko zama garraioaren pasa utziz.
Horregatik,
Nafarroako Gobernuaren azkeneko proposamena: pasako ibilgailu guztien
matrikularen araberako aldizkako mugapenarena ez dela aski erraten dugu.
Gainera nahasgarria da eta betetzeko, gure usten zaila edo ezinezkoa. Hau ez da
merkatu eguneko tratu kontua. Ez dugu gure segurtasunarekin tratularitzan aritu
nahi.
Belateko tunelak
hetsiko dituztelako bide zaharretik ibili beharko gara, ados. Baina ahalik
segurtasun handienarekin ibili nahi dugu. Ez gehiago, ez guttiago ere. Eta,
hori nazioarteko zamaren pasa debekatuz bakarrik egiten ahal da.
Ez dugu errepide
honetan izan diren ezbehar eta istripuen zerrendarik egin nahi, ez horien
erabilerarik ere. Sobera nahigabe baitago. Baina horietarik guztietatik
ohartarazi nahi dugu. Bide zaharrak duen arriskuaren aitzinean inork ez
ikusiarena egin ez dezan.
Akitzeko, gaur
honat bildu gaituen eskakizuna berriz aipatuko dut, bere sinpletasunean edonork
ulertzeko modua baita. Hau da Nafarroako Gobernuari eskatzen dioguna:
N121A segurtasuna. Belateko bide zaharretik nazioarteko zama garraiorik ez.