BISITARIARI ZUZENDU ZAIO "AROZTEGIA ETA GERO ZER?" PLATAFORMA: EZAGUTU AROZTEGIAKO PROIEKTUAK KALTETUKO DITUEN PARAJEAK
Uda ailegatu zaigu
eta Baztango bailara bisitatzeko aukera ezin hobea da garai hau, horregatik
Aroztegia… eta gero zer? Herri plataformak, Aroztegiako proiektuak kaltetuko
dituen parajeak ezagutzeko oinezko ibilbideak ezagutzeko gonbita luzatzen
dizue.
Baztan jakin min
berezia sortzen duen bailara dugu, baserri eta jauregiak, belai berdeetan bazkatzen
diren behi, ardi eta larre pottokak, paisaia. Baztandarren mintzo xaloa. Eta
nola ez, Batzar Nagusia eta herrietako
batzarrak, berezi egiten gaituen eta gurea den antolamendu instituzional
zaharra.
Baina kasu!
Ohiturak marraztutako margolan honen gibelean Baztandarren eguneroko
problematika ezkutatzen baita, baserri eta jauregiak ederrak dira arras baina
Baztanen 800 etxe huts baino gehiago ditugun honetan Palacio de Aroztegia SL-k 228
famili bakarreko etxebizitza egin nahi ditu. Gure belai berdeak ez dira paisaia
basati hutsak, baizik nekazalgoak lurrarekiko duen harremanaren ondorio.
Egunetik egunera adinez zaharragoa den nekazalgoa, beti egitasmo txikitzaileen
mehatxupean dagoena. Gure mintzoa xaloa dugu bai baina gaur den egunean oraino
goxoki zaindu behar dugun ondare hauskorra da, zenbait ikerketen arabera
proiektu honek anitz kaltetuko lukeen ondarea. Eta Batzar Nagusiari, Nafarroako
gobernuak eskumenak kendu dizkio UGPS aren bitartez, baztandarren erabakitzeko
tresna ebatsiaz eta Aroztegian bertzeren artean golf belaia inposatzeko, gure
borondatearen aurka eta herri lurrak zein nekazarienak bereganatuz.
Eta horregatik,
Baztan maite duzun bisitari hori, zuri, Aroztegiako proiektuak kaltetuko dituen
parajeak ezagutzeko oinezko ibilbideak eskaintzen dizkizugu, paisaiaz gozatu arratsalde
pasa goxo bat egin eta bide batez gure 11 borroketako baten zergatia ulertzeko
aukera sortzeko asmoz. Era kontzienteago batean guregana hurbiltzeko bertze
modu bat.
Ibilbide
hauek, diptiko batean aurkezturik daude eta Baztango turismo bulegoan edo
landetxe zein ostatuetan eskuratzen ahal dituzue, baita aroztegiaetagerozer.eus
web orrian ere.