Gaur jakinarazi dute, prentsaurreko baten bidez, aurtengo (H)ilbeltza beka Josu Barambonesek hartu duela. Urte bete izanen du itzultzaileak Patricia Highsmithen The blunderer liburua itzultzeko.
Bertzeak bertze, ingeles Filologiako lizentziaduna da Barambones eta Itzulpengintza irakasle lanetan ari da egun UPV/EHUn. Klasikoen euskaratze lanetan ere badu eskarmentu nahikoa, izan ere Laurence Sterneren Bidaia sentimentala Frantzia eta Italian zehar ekarri zuen euskarara, Literatura Unibertsala bildumaren baitan.
Epaimahaikideak Joseba Otondo Bikondoa (Baztango alkatea), Jon Jimenez (Txalapartako argitaratzailea) eta Miel A. Elustondo (iazko irabazlea) izan dira eta jasotako zortzi laginak zuzenak izan direla adierazi du Jon Jimenezek beren izenean. Euskararen zuzentasuna, sinpletasuna eta irakurgarritasuna alde batetik, eta jatorrizkoari gehien eta hoberen hurbiltzea, bestetik, kontutan hartu izan dutela azaldu du.
Joseba Otondok gogorarazi du Baztanek aspalditik euskal nobela beltzarekin duen lotura. Hala nola, Jose Antoni Loidi eta Mariano Izeta aipatu ditu, hauek izan baitziren lehendabiziko euskal nobela beltzak.
Baztango Udalak 3.000€ eta Txalapartak 2.000€ jarriz, 5.000€ko beka sortu da (h)ilbeltzarena Baztango Udala eta Txalapartaren elkarlanaren ondorioz.
Ondotik Josu Barambonesek hartu du hitza eta ekimen honek duen garrantzia azpimarratu nahi izan du, euskal literaturan duen garrantzia hain zuzen ere. Patricia Highsmith bera eta honek egindako lanen inguruko aipamen batzuk egin ditu, eta jakinarazi du iada itzulpenarekin hasia dela, urtebeteko lana du aitzinetik.
Prentsaurrekoarekin akitzeko, (H)ilbeltzako kidea den Elurre Iriartek oroigarri bat eman dio Josu Barambonesi eta 2020.urtean (H)ilbeltzan izanen dela gogoratu du.