BAZTERKETAREKIN AKITZEKO ESKATU DIOTE BAZTANGO MUTILDANTZARIAK TALDEARI

Baztango zenbait eragilek rentsaurreko baten bidez eskatu diote Baztango Mutildantzariak taldeari bazterketa ekitaldi gehiagorik ez egitea: Jo ala Jo, Plazara Dantzara, Baztango Talde Feminista, Baztandarren Biltzarra, Elizondoko Herria, Elizondoko besta batzordea eta Batzar Nagusiak. Hauxe da hitzez hitz erran zutena:

Gaur hemen Baztango zenbait eragile elkartu gara eskakizun zehatz bat egiteko: hementxe berean, gu gauden toki honetan, Baztandarren Biltzarrean eta Elizondoko bestetan egiten den dantza baztertzailearekin akitzea.

Baztango Talde Feminista, Plazara Dantzara, Jo ala Jo, Baztandarren Biltzarra, Elizondoko herria eta Besta Batzordea eta Batzar Nagusiko zenbait kideren izenean, Baztango Mutildatzariak taldeari eskatu nahi diogu bazterketak egiteari uzteko, bai hemen, bai bertze edozein eremutan. Bazterketarik gabeko Baztan nahi dugulakoz.

Hamarkadak pasatu dira emakumeok, gure eskubideen defentsan Baztango Mutildantzetan parte hartzeko nahia azaldu genuenetik. Bide luzea izan da eta denetarikoak izan dira emakumeak jasan ditugun erasoak, ahozkoak zein fisikoak. Ez da xamurra izan. Emakume bezala bestaz, dantzaz, plazaz eta tradizioez libreki eta nahi bezala gozatzeko eskubidea bermatu nahiak, antolatu eta borrokatzera eraman gaitu.

Hortaz, kolpeak jasan bezain laster zutitu gara eta aitzinerat segitu dugu, emakumeak izateagatik gure etorkizuna, gure askatasuna, eta gure bizitzak egunero jokoan daudelakoz. Guk gure gorputza eta dantza, gure arma bihurtu ditugu, batzuk gudu-zelai bihurtu nahi izan dituzten arren. Borroka luze honen ondorioz Mutildantza dantzatzen den herriko plaza publiko guztietan dantza parekidea izatea bermatu dugu.

Herri honetan ere emakumeen kontrako erasoak oraindik ematen ari dira. Behin eta berriz salatu dugu matxismoaren alardea den eraso sexista kolektibo hau. Plaza publikotik kanpo emateak ez du erran nahi onartu behar denik. Etxe barnean eta altxapeka ematen baitira emakumeen kontrako eraso gehienak (irainak, kolpeak, bortxaketak, eta erailketak), eta elizate honetan gertatzen dena eraso larri horien oinarrian dagoen patriarkatuaren adierazgarri argia dugu.

Hau dena salatuz mozio bat aurkeztu genuen Baztango Udaleko Osoko Bilkuran eta Batzar Nagusian. Egoera honek aukera ematen baitigu guztioi batera, parekidetasunaren bidean, emakumeon eskubideak bermatuak izan daitezen aitzina pausuak ematera. Osoko Bilkuran mozio hau ez zen aitzinerat atera Geroa Baik, Baztango Ezkerrak eta Baztan Auzolanean-ek honen kontra egin zutelakoz. Zenbait ekitaldi instituzionaletan pankartan gibelean emakumeen indarkeria salatzen ikusten ditugunak, oraingo honetan bazterketa hau babestu dute. Batzar Nagusiak berriz, salaketarekin bat egin du, zenbait herriko alkate eta junterok eta EHBko hautetsiek erakutsi dutelakoz herritar guztiak ordezkatzen dituztela eta ez dutela bazterketarik onartuko. Bertze batzuk abstentziora jo dute, UPN barne. Hauei garbi erraten diegu, erasoa salatzen ez duenak bidea libre uzten duela honek bere horretan segi dezan.

Baztanetik, Hondarribira, Iruñetik, Baionara, mendez mende eta inkisizioz inkisizio, gure eskubideak defendatzen eta bermatzen segituko dugu emakumeen kontrako zapalkuntzarekin akitu artio.