ETXEEN ZAHARBERRITZEA ERRAZTEKO BIZIGARRITASUNAREN DEKRETUA ALDATZEKO ESKATU DU BAZTANGO UDALAK PARLAMENTUAN
Baztango udaleko ordezkariak Nafarroako parlamentuan izan ziren atzo eta etxeen zaharreberritzea aisago egiteko bizitegien bizigarritasun baldintzak arautzen dituen foru dekretua aldatzeko eskatu dute. Gaiari buruz solastatzeko espreski egin den lan-saioan Joseba Otondo alkatea, Florentino Goñi zinegotzia eta Xabier Lopez de Uralde eta Gotzon Olarte udaleko hirigintza aholkulariak izan dira. Parlamentuko talde guztietako ordezkarien aitzinean, etxe zahar handiak berritzeko tenorean bizigarritasun baldintzak arautzen dituen foru dekretuaren mugak aipatu dituzte eta udaleko hirigintza aholkularitzak egindako txosten aurkeztu dute. Lopez de Uraldek etxe zahar handien zaharberritzeko arazoak aztertu ditu, eraikitako paisaiaz gogoeta egin du eta bertze autonomi erkidegoetako arauekin alderaketa eginda foru dekretua aldatu beharra azpimarratu du.
Joseba Otondo alkateak zehaztu duenez etxeen zaharberritzea lehentasunezko gaia du udalak eta horri buruz martxoan Eusko Ikaskuntzarekin egin zen gogoetaldia aipatu du. Bertan, bizigarritasun baldintzak arautzen dituen foru dekretua egokitu beharra ikusi zen. Horrela, joan den apirilean Nafarroako Gobernuari dekretua aldatzeko eskaria egitea ahobatez onartu zuen Baztango udalbatzak. Gaurko saioa, hortaz, dekretua aldatzeko udalak abiatutako ekimenen artean dago. Otondok jakinarazi duenez dagoeneko Miguel Laparra kontseilariarekin biltzeko eskaera egin dute, dekretua eskubide sozialen departamentuko gaia denez afera berari ere azaltzeko.
Lan-saioa ongi joan dela erran du Otondok, talde guztiek dekretua aztertzeko eta, hala behar izanez gero, egokitzeko borondatea agertu dutelako.