BERTAN BAZTAN ELKARTEAK BERE SENSIBILIZAZIO KANPAINA AURKEZTU DU

Elkartea sortu zenetik, 12 urte pasatu dira dagoeneko, eta bere esloganak erraten digun bezala “ Bertan Bizi, Bertan Erosi, Bertan Gozatu” Bertan Baztanek gogor lan egin du zonaldeko herrien defentsan eta baita sustapenean ere.

Horretarako, zenbait jarduera eta kanpaina egin izan ditugu. Zenbait sentsibilizazio kanpaina egin ondotik, populazioaren zati batean (perfil jakin batzuetan) eragin handiegirik ez duela izan konturatu gara. Aurten, Europako Gizarte Funtsak emandako diru laguntza bati esker, Nafarroako Gobernuaren eta CedernaGaralurren bitartez jasotakoa, “Bipolar Creación Audiovisual” enpresaren zerbitzuak kontratatzea erabaki genuen. Jesus Iriartek, enpresaren izenean, ideia proposatu zigun eta guk proiektua aitzinera eramatea erabaki genuen. Gure helburua jendearen arreta piztu eta gu entzutea zen eta… Lortu dugu! Eta orain, zuen guztion arreta eskuratu dugunez, sentsibilizazio kanpaina honen bideo nagusia ikusteko aukera izanen duzue.

Nahiz eta Bertan Baztanek 12 urte daramatzan gogor lanean, 38 komertzio baino gehiago itxi dira Baztanen azken 10 urte hauetan. Kontsumoan eman
diren aldaketek eta gure herrietatik jendeak alde egiteak eragin negatiboa izan du gure komertziotan. Nahiz eta gaur egun 642 lanpostu arriskuan egon, gure bailarako ekosistema ere arriskuan dago, eta hau benetan kezkagarria da. Gure bailaran dabilen euro bakoitzak Baztango sare sozial, ekonomiko eta kulturala bizirik mantentzen laguntzen du.

Zer erran handia izan duen kanpaina baten hasiera izan da. Kontziente gara erabaki arriskutsua hartu genuela lapurretaren bideoa grabatzerakoan. Ez genuen espero hainbertze tokietara iritsiko zenik eta are gutxiago, hain azkar. Baina hau ezinbertzekoa izan da zuek, gu entzun eta hemen gaudela erakusteko. “ Ez ditugu heroiak behar, gure kaleak, herriak eta komertzioak bizirik mantentzeko jendea behar dugu!”

Azkenik, bideoan agertzen diren protagonistei eskerrak eman eta minduta sentitu diren guztiei barkamena eskatzea bertzerik ez zaigu gelditzen. Arreta deitzeko eta bigarren bideoak nahi genuen eragina izateko broma bat izan da lapurretarena.

Azken hilabete honetan Nostromo Producciones,Dolores Redondoren Trilogiaren
bigarren eta hirugarren zatiak grabatzen aritu da Baztanen. Bertako herritarren eta komertzioen kolaborazioa eskertzeko, festa ekitaldi bat finantzatu dute. Lehenengo bideoari esker Baztango Txistorrak hartu duen ospea dela eta, Santo Tomas egunean, Abenduaren 21ean, arratsaldeko 20:00etan txistorradabat egitea pentsatu dugu, Ziga Margolariaren plazan. Hortaz, denei gonbitea luzatzen dizuegu!