ETXE ZAHAR HANDIEN BIZIGARRITASUNA ARAUTZEKO DEKRETUA ALDATZEKO ESKATU DIO PARLAMENTUAK NAFARROAKO GOBERNUARI


Abenduaren 4ko Nafarroako Parlamentuko Eskubide Sozialean batzordeak etxe zahar eta handien bizigarritasun baldintzak arautzen dituen 5/2006 Foru Dekretua berrikusi eta egokitzeko erabakia hartu eta hala egiteko eskatu zion Nafarroako Gobernuari. Etxe handien zaharberritzea errazteko Baztango Udalak abiaturiko ekinbide politiko eta instituzionalari erantzuten dio erabakiak eta azaroaren 14an parlamentuan egindako lan-saioaren segida da. Mozioak ere landa eremuetako etxebizitza tradizionalen diagnosi eta azterketa teknikoa egiteko eskatzen du, azterketa hori bortz hilabeteko epean egiteko eskatu bidenabar.

Modu berean, joan den asteazkenean, abenduaren 12an, Baztango Udaleko ordezkaritza,. Joseba Otondo alkatea, Florentino Goñi zinegotzia eta udalaren hirigintzako aholkulariak Miguel Laparra Eskubide Sozialetako kontseilariarekin eta bere taldearekin bildu ziren gaiari buruz solastatzeko. Bilera luzearen ondotik, Otondok jakinarazi duenez bizigarritasuna arautzen duen dekretua aztertzeko konpromisoa hartu du Laparra buru duen etxebizitza departamentuak eta konpromisoa agertu dute Nafarroako Parlamentuak hartutako akordioa betetzeko.