ETXEETAKO LANGILEEI BURUZKO SENTSIBILIZAZIO KANPAINA HASI DU UDALAK


Etxeetan adineko jendeak zaintzen lana egiten duten langileen lan-baldintzei buruz herritarrak kontzientzia hartzeko kanpaina abiatu berri du Baztango Udalak.

Kanpaina hau etxeko langileekin egindako gogoeta prozesu baten emaitza da, azkeneko hilabeteetan egin dena, bilera irekien bidez, Bidelagun laguntza emaile elkartearen laguntzarekin. Kanpaina hau egun hauetan Baztango etxe guztietarat banatzen ari den eskuorrian oinarritzen da.

Etxeko langileei buruz ari garela etxeetan adineko jendeak edo menpekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzen aritzen diren langileetaz ari gara, horietako aunitz interna moduan, eguneko 24 orduak esklusibotasunez eta arduraz osoz eginkizun horretan arituz. Langile horiek, etxeko lanak eta mantenimendua egiten dute eta horretaz gain, bertze hauek ere bai: sendagaiak eman, ospitalizazioetan zaindu, paseoetan lagundu… 

Etxeetako langileen lan-baldintzei  buruz ari garela bi kontu bereziki aipatu behar dira:
batetik sektorearen erregulazio falta eta, bertzetik, administratiboki egoera irregularrean dauden langileen egoera. Guzti horrek, maiz, soldata eta lan baldintza makurragoak izatea ekartzen du. Modu berean, maiz ere, interna gisa ari diren etxeetan pribatutasunik eta espazio pertsonalik ez dute, aisialdia eta denbora librea eskas izaten dute eta horrek, langilearen gainkarga  fisiko eta mentala ekartzen du  bizi prekaritatea handituz.

Horregatik etxeetan adineko pertsonak zaintzeko langileak kontratatzen dituzten herritarrengana hurbildu nahi dugu, denen artean, langile hauei ere, interna edo externa aritu, lan-baldintza duin eta bidezkoak eskaintzeko.

Eta lan-baldintza duin eta bidezkoak izateko beharrezkoa da guttienezko lan-saria ematea eta behar adina asti libre segurtatzea; zaintzaileak ere zaintzea eta adinekoekin egiten duten lana baloratzea.

Hortaz, nahiz sektorea arautzea eta atzerritartasun legea aldatzea udalaren eta herritarren eskuetan ez egon, neurri batean bederen, aipatu ditugun lan-baldintza justuak eskaintzea gure esku dago. Horregatik, herritarrak errealitate honi buruz ohartarazi nahi ditugu, bertze langileekin ere justuak eta etikoak izan daitezen.

Informazio gehiagorako:

-Gizarte Zerbitzua 
Tel: 948 580 006
gizartezerbitzua@baztan.eus

 - Bidelagun
 Tel: 948 581 327